BIDASOAK 1995EAN LORTUTAKO EUROPAKO GARAIPENA OROITUKO DU LARUNBAT HONETAN

2023/04/20
BIDASOAK 1995EAN LORTUTAKO EUROPAKO GARAIPENA OROITUKO DU LARUNBAT HONETAN

Abanca Ademar Leon taldearen kontrako neurketa Artalekun ospatuko dela aprobetxatuta, zerbait ekitaldi prestatu dituzte efemeridea oroitzeko

Bidasoak Abanca Ademar Leon taldea jasoko du Artalekun larunbat honetan (apirilaren 22an), 18:00etan. Maiatzaren 20-21eko asteburua bitarte, talde irundarrak ez du etxean jokatuko eta beraz, klubetik zaleak hurbiltzera animatu nahi izan dituzte.

Partiduaren atarian, klub irundarrak hainbat ekitaldi prestatu ditu gainera. Artalekuko ateak 17:00etan irekiko dira eta hortik aitzinera, Bidasoako maskotari izena jartzeko aukera izanen dute bazkideek. Orain dela aste batzuk aukeratu zuten gerlari erromatarra taldeko maskota gisa eta orain, izen proposamenak bilduko dituzte.

Honez gain, larunbat honetan 28 urte beteko dira Bidasoa Irun Europako txapeldun bilakatu zela. 1995eko apirilaren 22an izan zen gertakaria, Zagrebeko Dom Sportova kantxan. Efemeridea ospatzeko, Europako Kopa jarriko du klubak ikusgai ostatuaren eta arropa dendaren artean, bazkideek garaikurrarekin argazkiak ateratzeko aukera izan dezaten. Gainera, arropa dendan ere beherapenak izanen dituzte.

Artalekuk ere bisita berezia izanen du larunbat honetan. Algaraklown elkarteak bisitatuko du Irungo kantxa, Donostiako ospitale eta egoitzetan egiten duen lanari buruz informatzeko, baita neurketa animatzeko ere. Hau guztia gutxi balitz, partiduaren atsedenaldia Irungo Jazzarte Akademiako dantzariek emanaldia eskainiko dute bertaratzen diren ikusle guztientzat.