BIDASOA XXI EUSKAL HERRIA KOPAKO TXAPELDUNAK

2020/11/30
BIDASOA XXI EUSKAL HERRIA KOPAKO TXAPELDUNAK

 Getxoko Fadura Igerilekuan jokoan jarri zen Euskal Herria Kopako Txapeldun berriak dira Bidasoa XXI-ko igerilariak, emakumezkoen lehian zein gizonezkoenean. 

 Asteburu oparoa izan da Bidasoa XXI taldeko igeriketa olinpikoko modalitateko igerilarientzat. Getxoko Fadurua Igerilekuan kluben arteko Euskal Herria Kopa jokatu zen eta emakumezkoen zein gizonezkoen lehian, talde irundarrak menderatu zituen gainontzeko arerioak.

Euskal Herria Kopari emakumezkoen txapelketak eman zion hasiera. Larunbatean, Bidasoa XXI-eko igerilariek errelebo guztiak eta bakarkako proba gehienak irabazi zituzten. Nagusitasuna nabarmena izan zuten Bidasoa eskualdeko igerilariek; adibidez, Leire Martinek bizkarreko 50 metroko proban, Euskadiko 17 urtez azpiko errekorra gainditu zuen.

Igandean gizonezkoen txanda iritsi zen eta txapelketa bide beretik jarraitu zuen. Errelebo guztietan lehenak iritsi ziren, baina sailkapen nagusia parekatuagoa izan zen. Etxeko taldeak, Getxo Igeriketa Klubak, etxean garaipena erdietsi nahi zuen eta gauzatu ezin izan bazuten ere, Bidasoa XXI taldearen arerio nagusia izan zen asteburu osoan zehar.

Bidasoa XXI taldeko ordezkariek Getxon lortutako emaitzen balorazio positiboa egiten dute: “pozgarria da txapelketara bueltatzea eta horrelako emaitzak eskuratzea. Gure igerilariek horrelako txapelketa gauzatzea behar zuten entrenamenduen rutina berabiarazteko eta ohiko martxa hartzen joateko”. Horretaz gain, Bidasoa XXI taldearentzat “emakumezkoen eta gizonezkoen txapelketetako Euskadiko talderik onenak izatea ohorea” dela aitortu dute.