BIDASOA SENDO BATEK BILLERE MENDEAN HARTU DU
(Argazkia: C.D. Bidasoa)
Bihar, Barakaldon, Unicaja Banco Sinfinen aurka denboraldi-aurreko zortzigarren eta azken neurketa jokatuko du talde horiak.
Neurketa taldearen aurkezpen ofizialaren eta Julen Aginagalde, Gorka Nieto eta Julen Mujikari eginiko omenaldien ostean hasi da. Artalekura hurbildu diren zaleek udaran zehar Tokyoko Olinpiadetan eta Junior mailako Europako Txapelketan erdietsi duten brontzezko domina txalotzeko parada izan dute.
Billere aurkari ezaguna du Bidasoak, hainbatetan jokatu dituzte lagunartekoak elkarren aurka. Gainera, gaurko lagunartekoan, talde frantziarrak Asobal Ligan aritutako bi jokalarirekin jokatu du: Oswaldo Dos Santos, Anaitasuna, Logroño eta Granollersen jokatutakoa eta ezagunena, Sergio de la Salud, azken hiru denboraldiak Bidasoaren kamiseta horia jantzi duen erdilaria.
Hori guztiarekin, lehen zatia C.D. Bidasoaren alde joan da. Norgehiagokaren hastapenetan defentsak nagusitu dira, batez ere, etxeko taldearena. Billerek lehen gola 6.minutuan egin du, 2-0 partziala bizkor berdindu dute kanpotarrek. Partiduko lehen errenta nagusia 5-1 defentsarekin iritsi da, Bidasoaren alde. Hesia bikain antolatu dute eta Gay-Emparanen kontraeraso bizkorrek, hiru gol erraz gauzatzea ahalbidetu dute (8-4, 9.minutuan). 17’ minutuan Rodrigo Salinas kantxaratu da eta minutu bat besterik ez du behar izan lehen gola erdiesteko. Orduan, Billere zerbait orekatu da eta neurketa 11-9 estutzea lortu du. Jacobo Cuetarak eskatutako hutsarteak eragina izan du eta 3-0 partzialarekin erantzun du Bidasoak, Ander Ugarte, Adrian Fernandez eta Mikel Zabalak egin dituzte golak (14-10).
Bigarren zatia Billeren 0-2 partzialarekin hasi da. C.D. Bidasoak 5-1eko defentsa ezarri du berriz eta partziala 3-0ekoarekin bueltatu dio. 10 minutu pasata, talde irundarrak lehen zatian lortutako errenta mantendu (18-14, 40.minutuan), baina Daniel Deherme teknikari frantziarrak hutsartea eskatu ondoren, Oswaldok bi gol jarraian erdietsi ditu eta bira murriztu du markagailua. Estutu bai, baina talde irundarrak ez du neurketa arriskuan inoiz ikusi. Julen Mujikak erreskan gauzatutako bi golek 22-17 markagailua ezarri dute, Salinas-Ugarte konexioa funtzionatzen hasi da eta bost minuturen faltan, norgehiagoka irauliezin bueltatu da (26-21). Azkenean, minutuetan, bost goleko aldea handitu eta 28-21 mendean hartu du C.D. Bidasoak Billere.
Xoan Ledoren atepeko lanak eta Julen Mujikaren bigarren zatiak atal bereizgarria behar dute izan. Mota guztietako geldiketak egin ditu galiziarrak, 8 lehen zatian eta beste hainbeste bigarrenean. Bestetik, oreretako gazteak azken hamar minutuetan 5 gol egiteko gai izan da, ate aurrean determinazio handia duela erakutsi du.
Fitxa teknikoa
28 - Bidasoa Irun (14+14): Ledo, Ugarte (3), Gey-Emparan (3), Odriozola (3), García, Rodríguez (2), Fernández (5, 2p.); Sierra, Zabala (2), Salinas (3), Mujika (5), Tesoriere, Francisco da Silva (1), Nieto (1).
21 - Billère Handball Pau Pyrenés (10+11): Labro, Lefevbre (3), Dos Santos (3), Vergely (8, 1p.), Mengon (1), Junisbekov (1), Reig-Guillén (2, 1p.); Gegin, Cohn, Sordel, Beauchef, Doudeau, De la Salud (3), Brito Febras, Tournellec, Indjai.