BIDASOA PUNTURIK GABE ITZULI DA DANIMARKATIK

2022/11/30
BIDASOA PUNTURIK GABE ITZULI DA DANIMARKATIK
Skanderborg-Aarhus Håndbol 38
27 Bidasoa Irun

Talde irundarrak 38-27 galdu du EHFko Multzo Faseko laugarren jardunaldian Skanderborg-Aarhusen kontra

Bidasoa Irunek EHF-ko Multzo Faseko laugarren jardunaldia jokatu zuen atzo Danimarkan, bertako Skanderborg-Aarhus taldearen kontra. Hasiera berdindua izan bazen ere, etxekoek abantaila hartu zuten eta bidasotarrek ezin izan zioten eurek jarritako erritmoari erantzun. Azkenik, 38-27ko markagailuarekin galdu zuten Jacobo Cuetararen mutilek eta beraz, Europako txapelketan punturik batu gabe itzuli ziren etxera.

Neurketaren lehen minutuetan parekatuak ibili ziren bi taldeak. Hala ere, hamargarren minutuan Aarhus taldekoak aurretik jarri ziren eta hiru goleko aldea ireki zuten markagailuan (7-4). Hasiera batean, Bidasoak errenta hori bere horretan mantentzea jakin zuen eta hurbiletik jarraitu zion talde daniarrari. Hala ere, lehen zatiko azken minutuetan egindako akatsek, etxekoei abantaila handitzea ahalbidetu zien, 9-4ko partziala eginez, eta atsedenaldira 21-13ko markagailuarekin iritsi ziren bi taldeak.

Bigarren zatian, tarte hau murrizteko helburuarekin kantxaratu ziren Jacobo Cuetararen mutilak, denak Rodrigo Salinas, Iñaki Cavero eta Jon Azkue kenduta. Hiru hauek, arazo fisikoengatik, ezin izan zuten atzoko jardunaldia borrokatu. Hala ere, Danimarkako taldeak bere nagusitasuna erakusten jarraitu zuten eta hamar golengatik aldendu ziren. Bidasoak errenta zortzi golera murriztea lortu bazuen ere, bi taldeen arteko alde ez zen hortik jeitsi, eta azkenean, 38-27ko markagailu zabalarekin irabazi zuten etxekoek.

Europako txapelketan punturik batu gabe, Bidasoa Plenitude ASOBAL Ligari begira jarri beharko da berriz ere. Bertan dituen arazoak konpondu beharko ditu eta horretarako aukera aprobetxatu beharko du larunbat honetan, abenduaren 3an. Talde irundarra urte honetan etxean arituko den azken jardunaldia izanen da larunbateakoa eta Bada Huescaren kontra jokatuko du, arratsaldeko 18:30ean.