BIDASOA-KOLSTAD NEURKETARAKO SARRERAK SALGAI

2022/09/20
BIDASOA-KOLSTAD NEURKETARAKO SARRERAK SALGAI

Irailaren 27an ospatuko da Artalekun EHF European Leagueko Bigarren Kanporaketako joaneko neurketa

Bidasoak Europako Txapelketarako bidea datorren asteartean, irailaren 27an, hasiko du. Orduan, Kolstad Håndball talde norbegiarra jaso beharko du Artalekun, 20:45ean, EHF European Leagueko Bigarren Kanporaketako joaneko neurketa jokatzeko. Bidasoa Irun klubetik jakinarazi dutenez, partida ikusteko sarrerak salgai daude dagoeneko. Bi zatitan banatuko dute salmenta eta 3 eta 9 euro tarteko kostua izanen dute bazkideentzat eta 5 eta 18 euro tartekoa bazkide ez direnentzat.

Klubeko bazkideek lehentasuna izanen dute neurketarako sarrerak erosteko. Hain zuzen ere, bihar irailak 21, eguerdiko 12:00ak arte, bazkideek beraien ohiko eserlekua erosteko aukera izanen dute. Hortik aurrera, prezio murriztua mantenduko dute, baina ezin izanen zaie bermatu beraien eserlekua libre egonen denik. Bazkide ez direnek berriz, bihar eguerditik aitzinera erosi ahal izanen dituzte sarrerak. Edonola ere, bigarren talde honek aurretik eserlekuak erreserbatzeko aukera ere izanen du, cdbidasoa@cdbidasoa.eus email-era mezu bat idatziz.

Epea baino lehen sarrerak erosten dituzten bazkideek, Bazkideen Eremuan egin dezakete hau. Bertan, Bidasoa Irun-Kolstad Håndball neurketan sakatu beharko dute eta ordainketa egin. Horrela, beraien eserlekua erreserbatua izanen dute.

Famili-abonua duten bazkideek famili-sarrera eskuratzeko aukera ere izanen dute neurketa honetan. Hala ere, familiako kide batzuk soilik gerturatzen badira partida ikustera, klubarekin harremanetan jarri beharko dira horretarako.

Modu digitalean sarrerak erosteko zailtasunak dituztenak Bidasoako bulegora gerturatzen ahalko dira laguntza eskatzera. Klubak berak jakinarazi duenez, aurrez aurreko arretaren ordutegia 10:30etik 13:00etara eta 15:30etik 18:00etara izanen da.

(Argazkia: Arrate Morales)