BIDASOA ITZULIAREN 50. EDIZIOA OSPATUKO DA HELDU DEN ASTEAN ESKUALDEAN
2024/04/19
126 txirrindularik eta 18 taldek osatuko dute aurtengo tropela, tartean bortz bidasotarrek ereBidasoa Itzuliaren 50. edizioa aurkeztu zuten atzo Irungo udaletxean. Apirilaren 26tik 28ra ospatuko da proba garrantzitsu hau eta tartean bortz bidasotar izanen ditugu. Finisher Taldeko Haimar Etxeberria irundarra eta Iñaki Ordoki elizondoarra, Eibar Txirrindularitza Taldeko Haritz Sein eta Jon Morillo irundarrak eta Telcom taldeko Mikel Lizasoain donamariarra. Horrez gain, guztira, 126 txirrindulari eta 18 talde izanen dira Bidasoa Itzulia lehian.Bidasoa Itzulia irabazteko faborito nagusietako bat Haimar Etxeberria irundarra da. Espainiako Kopako lider bezala aurkeztuko da Irunen izanen den lehen irteerara, eta lehen etapa horretan ere garaipena eskuratzea izanen da bere helburua, ongi ezagutzen duen Ibardingo lepoan nagusituz. Horrez gain, sailkapen orokorraren bila joanen da Etxeberria, Finisherreko bere taldekideen laguntzarekin. Bidasoa ibaiak zeharkatzen dituen herri guztiak pasatuko ditu aurten Bidasoa Itzuliak. Hendaia edo Hondarribia eta Amaiur artean. Hiru egunetan Bortzirietatik pasatuko da, Beratik zehazki, eta bertan izanen du lehen eguneko helmuga ere Ibardingo lepoan. Bigarren etapa Hondarribian bukatuko da eta hirugarrena, ohi bezala, Irunen izanen du helmuga. Herri hauetako ordezkariek azpimarratu zutenez, kirolaz haratago doan proba da hau. Kirol mailan duen garrantzia alde batera utzi gabe, herrien eta herritarren arteko elkartzea ahalbidetzen duela argi dute denek eta eskualde bera dela eta “ur beretik” edaten dutela aldarrikatzeko balio duena. Apirilaren 26tik 28ra ospatuko da Bidasoa Itzuliko 50. Urteurrena. Betiko moduan, mundu mailako eta maila goreneko txirrindulariak izanen dira eta aurten, lehen aldiz, aukera handia dago etxean gelditzeko garaipena, Haimar Etxeberriaren eskutik.