Bidasoa Irunek puntuak utzi zituen Errumanian

2024/10/23
Bidasoa Irunek porrota jaso zuen atzo arratsaldean Errumanian, Constantas taldearen kontra jokatutako EHF European Leagueko Multzo Faseko hirugarren jardunaldian. Etxekoak aitzinetik egon ziren neurketa guztian zehar eta talde horiak ezin izan zuen indar hori irauli.
Bidasoa Irunek puntuak utzi zituen Errumanian
CSM Constantas 35
30 Bidasoa Irun

Bidasoa Irunek 35-30 galdu zuen atzo arratsaldean Errumanian, CSM Constantas taldearen kontra jokatutako EHF European Leagueko Multzo Faseko hirugarren jardunaldian. Etxeko taldea aitzinetik egon zen markagailuan neurketa guztian zehar eta Alex Mozasen jokalariek ezin izan zioten horri aurre egin. 

Lehen zatian ikusi zen Constantasek indarrez jokatu behar zuela bere etxean ospatutako neurketa. Beharretan zegoen Errumaniako taldea eta puntuak ez zituela erraz galdu erakutsi zuen. Hasieratik jarri ziren aitzinetik etxekoak eta Bidasoak ezin izan zuen ez defentsan ez erasoan joko onik egin. Errumaniarrek lau goleko errenta edukitzea lortu zuten lehen ordu erdian zehar, baina atsedenaldira bidean, errenta hori erdira murriztu zuen talde bisitariak, 17-15ekoa ezarriz. 

Bigarren zatian, Alex Mozasen taldea indarberrituta kantxaratu zen. Lehen minutuetan emaitza berdintzea lortu zuten, Rodrigo Salinasek eta Boskosek sartutako golei esker (17-17). Azkar erantzun zuten etxekoek eta berehala errenta berreskuratu eta areagotu zuten, zazpi goleko aldea eskuratuz 45. minuturako (29-22). Bidasotarren entrenatzaileak jokoa aldatu eta 4-2koarekin jokatu zuen Bidasoak, Zabala eta Gorka Nieto aitzinduz. Horrek markagailuko tartea murriztea ekarri zuen (31-28). Horrez gain, Skrzyniarzek bost geldiketa segidan egin zituen, nahiz eta esfortzu horiek guztiek ez zuten fruiturik eman. Erasoan ez ziren fin ibili horiak eta horrek 35-30eko emaitzarekin galtzera eraman zuen, puntuak Errumanian utziz. 

Honen ondotik, Bidasoa Irunek etxean bilatu beharko du garaipena EHF European Leagueko hurrengo jardunaldian, aurkari beraren kontra. Heldu den asteartean, urriaren 29an, jokatuko da partidua (20:45). Edonola ere, horren aitzinetik, Plenitude ASOBAL Ligako bertze neurketa bat ospatuko da Artalekun asteburuan. Larunbatean (urriaren 26an), 19:30ean, Bidasoak Frigorificos del Morrazo taldea jasoko du.