Bidasoa Irunek ezin izan zuen Nava gainditu
Bidasoa Irunek Viveros Herol BM Nava taldearen kontra galdu egin zuen, nazioarteko hitzorduek behartutako atsedenaldiaren azken partiduan. 37-33ko markagailuarekin puntuak Navan utzi zituen Alex Mozasen taldeak. Bost goleko abantaila iraultzeko gai izan ziren, baina irundarrek ezin izan zioten Navaren azken eraso kolpeari aitzin egin.
Lehen minutuetatik Nava izan zen nagusi markagailuan, bere alde jarrita abantailak eta horri azken momentura arte eutsiz. Bidasoa partiduaren seigarren minutuan lortu zuen emaitza bere alde jartzea, 2-3ko markagailuarekin, baina horren ondotik etxekoak izan ziren neurketa kontrolpean eduki zutenak, atsedenaldira bost goleko aldearekin joanez (21-17).
Bigarren zatian, Bidasoa markagailua iraultzeko helburuarekin kantxaratu zen, baina ez zuen 41. minutura arte berdinketarik lortu. Orduan, 26nako berdinketarekin, jokoa parekatu zen. Ez hori bakarrik, Skrzyniarzek egindako lanari esker, emaitza irauli zuten bidasotarrek, gol bat aitzinetik jarrita (28-29, 47. minutuan). 30nako berdinketa eta gero, ordea, etxekoek indarra hartu eta erasoan izugarrizko kolpea eman zuten, 37-33ko markagailua erdietsiz neurketa bukaeran.
Honen ondotik, Bidasoa Irunek atsedenaldia izanen du Ligan, nazioarteko hitzorduek behartuta. Azaroaren 15ean (20:00) bueltatuko da berriz ere lehia Artalekura, Impulse BM Guadalajara taldearen kontra jokatuko duten partiduarekin.
Gorka Nieto jokalari eta kapitainak egin digu neurketaren balorazioa.