Bidasoa Irunek ezin izan zuen Barça garaitu
Bidasoa Irunek 32-30 galdu zuen larunbatean Barçaren kontra. Porrota jaso arren, talde horiak maila ona eman zuen kataluniarren kontra eta lehiakor azaldu ziren Palau Blaugranan. Atsedenaldira, 15-16 aitzinetik joan ziren irundarrak eta ordubetez maila eman zuten, nahiz eta azkenean puntuek ihes egin. Denbora gehiegirik gabe, bidasotarrek bihar bertan izanen dute hurrengo hitzordua, Limoges-en kontra, 20:45ean.
Neurketa ezin hobe hasi zen Bidasoarentzat eta 0-3ko emaitzarekin aurretik jarri zen talde horia, erritmo biziarekin jokatuz eta defentsan ere sendo ibili. Abantaila hori mantendu egin zuten lehen ordu laurdenean, Barçak erantzun zuen arte eta 9nako berdinketa ezarru zuen arte. Bidasoak berriz ere bere abantailari eutsi zion eta 11-13koa ezarri zuen Caverok penalti baten bidez. Honek etxekoen hutsartea behartu zuen eta honi ere erantzuna eman bazioten ere, atsedenaldira 15-16ko markagailuarekin joan ziren bi taldeak.
Bigarren zatian, talde bisitaria maila berarekin hasi zen jokatzen. Hamargarren minutuan, zorte txarreko momentua ailegatu zen Barçarentzat, Gonzalo Perez de Vargas atezainak lesio larria sufritu zuen eta neurketa bost minutuz geldirik egon zen. Jokoa berhartu zutenean, modu berean segitu zuten jokatzen bidasotarrek, batez ere defentsan fin ibiliz. Hala ere, berinduago egon zen neurketa, markagailuak islatzen zuen bezala eta azken bost minutura 29ra berdinduta ailegatu ziren bi taldeak. Alex Mozasek, bere jokalariak lasaitzeko asmotan, hutsartea eskatu zuen azken minutuen atarian. Palau Blaugranak ere ongi estutu zuen bere taldea babestuz eta hori guztia nabaritu zen, Barça aitzinetik jartzeko. Etxekoek 2-0eko partziala egin zuten eta nahiz eta Gorka Nietok azken gol bat sartu, 32-30eko markagailuarekin, Katalunian gelditu ziren puntuak.
Berreskuratzeko denbora gehiegirik gabe, Bidasoa dagoeneko bidaiatzen ari dira, bihar (otsailaren 18an), Limoges bisitatzeko, Europako Txapelketako Main Round-eko bigarren jardunaldia jokatzeko (20:45).