Bidasoa Irunek ezin hobe hasi du Main Round-eko bidea
Bidasoa Irunek Benfica garaitu zuen atzo, 28-27ko markagailuarekin, Europako Txapelketako Main Round faseko lehen jardunaldian. Lehen zatian Bidasoa gibeletik joan zen emaitzan, eta bigarren zatian, parekotasun handiagoarekin aritu ondotik, garaipena eskuratu zuen azkenik talde horiak, faseko lehen puntuak poltsikoratuz eta sailkapeneko lider bilakatuta.
Lehen zatiaren hasierako minutuetan modu beretsuan aritu ziren Bidasoa eta Benfica, portugaldarrek 0-3ko partziala egin arte. Orduan, 2-5eko markagailua lortu zuen talde bisitariak eta defentsan ere lan bikaina eginez, jokoa zaildu egin zitzaien etxekoei. Tartea handitzen joan ziren kanpokoak eta bortz goleko aldea ere lortu zuten (5-10), Bidasoari lehen hutsartea eskatzera behartuz. Honek norabidea aldatzen lagundu zuen eta etxekoek hiru golera murriztu zuten markagailuko aldea (9-12, 20. minutuan). Erritmo hau mantentzen saiatu ziren horiak, baina Benficak joku oso fisikoa erakutsi zuen eta atsedenaldira ere, aitzinetik ailegatu ziren, 13-25ekoarekin.
Bigarren zatian, Bidasoa hobeki kantxaratu zen eta parekotasuna nabariagoa izan zen bi taldeen artean. Leo Macielek zaindu zuen atea azken ordu erdian eta defentsan finago ibili zen talde horia. Honek eta zaleen bultzadak Benficaren baloi galera batzuk eragin zituen. Tao Gey-Emparanen hiru golek markagailua berdindu zuten eta parekotasun horri eutsi zioten bi taldeek ere 50. minutura bitarte. Azken momentuak tentsio handikoak izan ziren, neurketa bukatzeko lau minutu gelditzen zirenean, 26-26koan baitzegoen markagailua. Hala ere, erasoan portugaldarrek izan zuten hutsegite baten ondotik eta Bidasoak bi gol lortuta, 28-27ko markagailuarekin bukatu zen partidua irundarren alde.
Europako Txapelketako Main Round-a garaipen batekin hasi du Bidasoa Irunek, bi puntu gehiago poltsikoratuta eta sei puntu bilduta guztira sailkapenean. Multzoko lider bilakatuta, hurrengo hitzordua Plenitude ASOBAL Ligakoa izanen da talde horiarentzat. Barça bisitatuko dute irundarrek, larunbatean (otsailaren 15ean) 19:00etan.
Gorka Nieto jokalari eta kapitainak egin du atzoko partiduaren balorazioa.