Bidasoa Irunek bi puntu gehitu zituen ASOBAL Ligako sailkapenera
Bidasoa Irunek bertze garaipen bat erdietsi zuen pasa den larunbatean, urriaren 26an, Frigoríficos del Morrazo taldearen kontra. 30-24ko markagailuarekin hartu zituen mendean galiziarrak eta bertze bi puntu poltsikoratu zituen honela Alex Mozasen taldeak. Horren ondotik, irundarrek EHF European Legueako erronkei aitzin egin beharko diete astetartez.
Erritmo altuarekin kantxaratu ziren Artalekun Bidasoa Irun eta Frigorificos del Morrazo taldeak. Neurketa berdindua izan zen lehen minutuetan eta horrela ailegatu ziren bederatzigarrenera hain zuzen ere, 5-5eko emaitzarekin. Hortik aitzinera berriz, etxekoena izan zen markagailua eta atsedenaldira ere 17-14koarekin ailegatu ziren, lau goleko aldeak lortuta tartean (10-6 eta 14-10).
Bigarren zatian berriz, intentsitate altuak nekea ekarri zuen bi taldeko jokalarien errendimendura eta hori biek egin zituzten akatsetan ikusi zen. Erritmoak behera egin zuen eta markagailua ere berdintzen joan zen. Lehen minutuetan Bidasoak 19-14ko emaitza lortu zuen, abantaila areagotuz, baina aurkariak 0-4ko partzial baten bidez gol bakarrera hurbildu ziren. Parekatuak ibili ziren bi taldeak azken minutuetan, nahiz eta beti ere Bidasoaren alde egon neurketa. 20-18ko markagailua lortu ondotik, Garciaren lapurreta bati esker, etxekoek berriz ere gora egin zuten eta errenta handitzen joan ziren, behin-betiko 30-24ko emaitza ezarri arte.
Honen ondotik, bihar (urriaren 29an) 20:45ean, Artalekura bueltatuko da berriz ere Europako Txapelketa. Bidasoak Constantas talde errumaniarra jasoko du bertan, azken jardunaldian euren kontra bortz goleko aldearekin galdu ondotik. Multzoko lau taldeak hiru puntura berdinduta daude, beraz biharko garaipena inoiz baino garrantzitsuagoa izanen da.
Mikel Zabala, Eneko Furundarena jokalariak eta Julen Aginagalde kirol zuzendaria mintzatu ziren neurketaren ondotik.