Bidasoa Irunek azken segundutan eskuratu zuen Europako Txapelketako lehen puntua

2024/10/09
Poloniako KHGM Chrobry Glogow taldea jaso zuen Bidasoak Artalekun eta, 33-33ko berdinketarekin, EHF European Leagueko Multzo Faseko lehen puntua poltsikoratu zuten etxekoek.
Bidasoa Irunek azken segundutan eskuratu zuen Europako Txapelketako lehen puntua
Bidasoa Irun 33
33 KHGM Chrobry Glogow

Bidasoa Irunek 33ra berdindu zuen atzo arratsean Artalekun, Poloniako KHGM Chrobry Glogow taldearen kontra, EHF European Leagueko Multzo Faseko lehen jardunaldian. Azken segunduan lortu zuten etxekoek berdinketa, Iñaki Caverok sartutako penaltiaren bitartez, eta lehen puntua ere poltsikoratu zuten honela. 

Jardunaldiko lehen gola ez zen seigarren minutura arte ailegatu. Glogow taldeak egin zuen lehen tantoa eta Bidasoak ere segidan erantzun zuen, banakoa ezarriz, Asier Nietok egindako penalti baten bitartez, Iñaki Caverok jaurti zuena. Hortik aitzinera, poloniarrak izan ziren neurketa gidatu zutenak, markagailua euren aldera eramanez eta lau goleko errenta lortuz (8-12, 13. minutuan). Edonola ere, etxekoek azkar erantzun eta tartea murrizteko lanetan ibili ziren, baita lortu ere (12-13, 23. minutuan). Atsedenaldira bidean ordea, erasoan akats batzuk eduki ondotik, bi goleko abantailarekin ailegatu ziren aldageletara bisitariak (15-17). Lehen zatiaren momenturik positiboena Gorka Nietoren buelta izan zen. Jokalari gaztea, sorbaldan lesio bat eduki ondotik, kantxara atera zen lehen minutuak jokatzera. 

Bigarren zatian, markagailua iraultzeko asmoz kantxaratu zen Bidasoa. Hala ere, kosta egin zitzaien. Aldeak berriz ere poloniarren aldekoak izan ziren, ia azken hogeita hamar minutu osoetan. Bi aldiz lortu zuen etxeko taldeak emaitza berdintzea, 23na 43. minutuan eta 30na 54. minutuan. Poloniakoek erasoan asmatzen segitu zuten eta azken segunduetan egon zen lehiarik gogorrena. Bisitariek azken jokaldia zuten euren alde eta Bidasoak baloia ostu beharretan zegoen. Lortu egin zuen hori, Asier Nietoren eskutik, eta Poloniako entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen. Momentu polemikoa izan zen, nahiz eta epaileek egoki ikusi zuten. Hutsartearen ondotik, jokaldia errepikatu eta Bidasoa berriz ere gai izan zen baloia hartzeko erasoan aritzeko, Julen Mujikaren bitartez. Garciak orduan, falta eragin eta Iñaki Caverori egokitu zitzaion penaltia jaurtitzea azken segunduetan. Jaurtiketa asmatu eta 33ko berdinketa lortu zuen taldearentzat, lehen puntua ere poltsikoratuz. 

EHF European Leagueko ibilbideari hasiera eman ondotik, Plenitude ASOBAL Ligak segida izanen du asteburuan, Artalekun ere. ABANCA Ademar Leon jasoko du Bidasoak, larunbatean (urriaren 12an), 19:00etan.