BIDASOA IRUNEK AURREDENBORALDIKO LAGUNARTEKOAK GAINDITZEN SEGITZEN DU

2024/08/26
BIDASOA IRUNEK AURREDENBORALDIKO LAGUNARTEKOAK GAINDITZEN SEGITZEN DU
Pasa den ortziralean Logroño gainditu zuen (34-29) eta biharamunean Billeren kontra ere garaipena eskuratu zuen (26-25)Bidasoa Irunek aurredenboraldiko azterketa guztiak gainditzen segitzen du. Pasa den asteburuan, bertze bi lagunarteko jokatu zituen talde horiak eta bietan garaipena eskuratu zuen. Ortziralean Elgoibarren, Logroñoren kontra 34-29 irabazi zuen eta biharamunean Artalekun, 26-25eko markagailuarekin gainditu zuen Billere Handball taldea. Tito Diaz eta Gorka Nieto gabe, biak lesionaturik, jokatu zituen Bidasoak asteburuko bi lagunartekoak. Larunbateakoa gainera, etxean ospatu zen, zaleen aitzinean lehen aldiz. Garaipena ere eskaini ahal izan zieten jokalariek, Billere taldearen kontra 26-25eko markagailua erdietsi baitzuten. Hasieratik gailendu zen etxeko taldea, nahiz eta Pauekoak emaitza irauli. Azkenik, parekatua joan zen neurketa eta 10 segunduren faltan erabaki zen garaipena, Leo Macielek gelditu zuen penalti bati esker. Aitzineko egunean ere, ortziralean, Bidasoak Logroño gainditu zuen, markagailua zabalagoarekin. Elgoibarren aritu ziren bi talde hauek elkarren kontra, eta 34-29ko markagailuarekin irabazi zuen talde horiak. Hasiera parekatua izan zen hau ere, baina Leo Macielek eta Skrzyniarzek atean egin zuten lanari esker eta Asier Nietok, bigarren zatian, erasoan lortutako zazpi golei esker, eskuratu zuten garaipena. Hurrengo lagunartekoa Zarautzen ospatuko da, ortziralean (abuztuaren 30ean), 19:30ean, Zilarrezko Ohorezko Mailako etxeko taldearen kontra.