Bidasoa Irun EHF European Leagueko hurrengo fasera sailkatua
Bidasoa Irun EHF European Leagueko hurrengo fasera sailkatu da, atzo Chrobry Glogow talde poloniarrari 28-35 irabazi ondotik. Talde horia lehen postuan dago orain, Ystads IF HF taldearekin puntuetan berdinduta. Hurrengo jardunaldian, fase honetako azkeneakoan, suediarrak izanen dituzte arerio eta Multzo Faseko lehen postuagatik borrokan izanen dira biak.
Lehen zatitik gogor eta indarrez kantxaratu zen Bidasoa Polonian, Chrobry Glogow taldearen kontra. Defentsan zein erasoan sendo aritu ziren hasieratik eta markagailua bereganatu zuten segidan. Etxeko taldeak ezin izan zuen partiduan sartu eta bisitariek berriz, aldeak handitzen joan ziren. Atsedenaldira bidean, zortzi goleko errenta eskuratu zuten Alex Mozasen jokalariek eta lehen ordu erdia pasatuta, 10-17ko emaitzarekin joan ziren aldageletara. Partidua erabakita bazegoen ere, bigarren zatian aldea handitzen joan ziren bidasotarrak. 37. minutuan, hamaika goleko hutsunea ireki zuten markagailuan, 11-22koa. Zenbaki horiekin segitu zuten azken minutuetara bitarte, nahiz eta neurketa bukaerarako, poloniarrek indar pixka bat atera eta zazpira murriztu behin-betiko emaitza.
28-35koarekin irabazi zuen Bidasoak, Multzo Faseko bere taldeko lehen postua eskuratuz, Ystads-ekin puntuetan berdinduta. Hain zuzen ere, talde suediar hau izanen da fase honetako azken partiduko aurkaria. Lehen postuagatik borrokan izanen dira bi taldeak heldu den asteartean (azaroaren 26an), Artalekun, 20:45ean. Oraindik ere garaipen hau jokoan badago, Bidasoa Irunek lortu du dagoeneko EHF European Leagueko hurrengo fasera sailkatzea. Bi puntu gehiago lortu nahiko ditu, hala ere, hurrengo fasera orain arteko lortutako puntuekin pasatuko direlako.
EHF-ko erronkei aitzin egin baino lehen, Plenitude ASOBAL Ligako bertze jardunaldi bati egin beharko diote aurre bidasotarrek. Fraikin BM Granollers bisitatuko dute larunbat honetan, azaroaren 23an, 19:00etan.