Bidasoa Irun denboraldiko bigarren itzulia prestatzen hasi da
Bidasoa Irungo jokalariak lanera bueltatu dira astearte honetan, urtarrilaren 7an, Gabonetako atsedenaldiaren ondotik. Otsailean ekinen diote berriz ere txapelketei, Plenitude ASOBAL Ligari, EHF European Leagueko Main Round-ari eta Espainiako Kopari.
Artalekun egindako lehen saioan, Esteban eta Rodrigo Salinas, Dariel Garcia, Leo Maciel eta Jakub Skrzyniarz somatu dituzte faltan. Hain zuzen ere, Salinas anaiak, Garcia eta Maciel euren selekzioekin bildutako baitaude, Chile, Kuba eta Argentinarekin hurrenez hurren. Kuba atezaina berriz, ebakuntzatik berreskuratzen ari da. Hala ere, laguntzaileak izan dituzte lehen saioetan, harrobiko jubenil mailako hainbat jokalari izan baitira entrenamenduetan, hala nola, Aimar Iriarte, Mikel Ollo, Eñaut Iragorri eta Oihan Arruti, baita Ander Garcia Hondarribiako seniorreko atezaina ere.
Prestakuntzetik segitzeko, lau partidu jokatuko dituzte bigarren itzuliari ekin aitzinetik. Lehena urtarrilaren 17an ospatuko da, Dunquerqueren kontra (19:00) eta bigarrena biharamunean, urtarrilaren 18an, Nimes-en kontra (19:00). Bi neurketa hauek Handball Club Chatelleraudais-ek antolatutako Handballeko Rencontres Internationales txapelketaren barruan kokatuko dira.
Ondotik, urtarrilaren 22an, Euskal Kopako finalerdia jokatuko du Bidasoak Eibarren, Eibar Eskubaloiaren kontra. Oraindik ordutegia konfirmatu gabe badago ere, seguru aski 20:15ean ospatuko da neurketa. Azkenik, urtarrilaren 31n, Pau Billere Handball taldearen kontra lehiatuko da Bidasoa, Bilerren, 19:00etan.