BIDASOA IRUN ASOBAL LIGAKO TXAPELDUNORDE

2024/05/20
BIDASOA IRUN ASOBAL LIGAKO TXAPELDUNORDE
Bidasoa Irun 34
24 Puerto Sagunto

Puerto Saguntoren kontra irabazita, talde irundarrak matematikoki lortu du bigarren postuan sailkatzea, baita Europako txapelketarako sarbidea ere

Bidasoa Irunek, Plenitude ASOBAL Ligako txapeldunordea izatea lortu du, denboraldia bukatzeko jardunaldi baten faltan. Urteko helburu nagusia eskuratuta, Europako txapelketa jokatzeko sarbidea ere lortu du Jacobo Cuetararen taldeak. Orain, denboraldiko azken jardunaldia jokatzea eta Errege Kopa izanen ditu begiz jota talde irundarrak.

Puerto Sagunto taldea jaso zuen pasa den larunbatean, maiatzaren 18an, Bidasoak etxean. Denboraldiko azken aurreko jardunaldia izan zen, baina azkenekoa etxea, Artalekun. 34-24ko markagailuarekin irabazi zuen talde irundarrak, zaleen aitzinean, eta horrela, sailkapeneko bigarren postua eskuratu zuten behin-betiko, Ligako txapeldunorde bilakatuz. Emaitzak hamar goleko aldea erakusten badu, ez zen neurketa erraza izan. Aurkaria nagusi izan zen lehen ordu erdian eta bigarrenean, lortu zuten etxekoek jokoari buelta eman eta euren indarra kantxaratzea. Garaipena eskuratuta, zaleekin batera, ospakizunez eta agurrez betetako ilunabarra izan zen. Izan ere, helburua lortua zutela ospatzeaz gain, Jacobo Cuetara, Borja Burguete eta Mehdi Harbaoui taldekideak behar bezala agurtzeko aukera izan zuten jarraitzaile guztiek.

Heldu den larunbatean, maiatzaren 25ean, Plenitude ASOBAL Ligako azken jardunaldia jokatuko du Bidasoak, REBI Cuenta taldearen kontra (17:00). Honen ondotik, Errege Kopa izanen dute begiz jota bidasotarrek, hain zuzen ere, maiatzaren 31n jokatuko duten Caserioren kontrako final laurdena.

(Argazkia: Arrate Morales)