BIDASOA ETA MEHDI HARBAOUI AURRE-AKORDIO BATERA IRITSI DIRA
Atezain frantziarrak Bidasoan jokatuko du hurrengo bi denboraldietan
C.D. Bidasoa eta Mehdi Harbaoui aurre-akordio batera iritsi dira, klubak atzo jakitera eman zuenez, eta horren ondorioz, atezain frantziarra talde irundarrean arituko da hurrengo bi denboraldietan.
Harbaouik Mougins Mouans-Sartouxen debutatu zuen eta handik, Istres taldera joan zen. Orain dela bost urte, 2017an hain zuzen ere, sinatu zuen bere lehen kontratu profesionala, eta 2020. urteaz geroztik, Sélestat Alsace Handball taldean dabil jokatzen.
Jokalari frantziarrak, 2015ean, gazte mailako Munduko Txapelketa jokatu zuen Frantziako selekzioarekin, eta 2016an junior mailako Europako Txapelketan brontzea eskuratu zuen, baita 2017ko Munduko Txapelketan ere. Atezainak aurreko urtean jokatu zuen lehendabiziko aldiz maila absolutuan eta, Tunisiako selekzioarekin egin zuen. Talde honekin, Egiptoko Munduko Txapelketa lehiatu zuen, Polonia, Brasil eta Espainiak osatzen zuten multzo berean.
Jacobo Cuetara oso pozik azaldu da fitxaketa berri honekin: “Oso pozik nago. Atezain handi bat da, altua. Gainera, internazionala izan da Frantziako selekzioarekin azpiko mailetan, eta orain, atezain titularra da Tunisiako selekzioarekin. Berekin bikote ona osatu dugu atean. Jakub eta Harbaoui oraindik hobetzeko marjina duten bi jokalari gazte dira, eta uste dut poztasun handiak ekarriko dizkigutela”.