BIDASOA ERREGE KOPAKO HURRENGO FASERA
Irundarrek Unió Esportiva Sarrià-ri 25-38 irabazi zioten atzo, Errege Kopako bigarren kanporaketan
Bidasoak atzo gauean jokatu zuen urteko azken partidua. Errege Kopako bigarren kanporaketa izan zen hau, eta Unió Esportiva Sarrià taldearen aurka neurtzea egokitu zitzaion. Nahiz eta hasieran nahiko berdintsu aritu ziren bi taldeak, azkenik Bidasoak hutsunea ireki zuen markagailuan eta 25-38 irabaztea lortu zuen, lehiaketaren hurrengo faserako pasea eskuratuz.
Partidua hasi eta lehenengo partzialera iritsi zirenerako, Bidasoak aurrea hartua zion etxeko taldeari 3-4ko markagailuarekin. Hala ere, arerioak segidan erantzun zion abantaila honi eta 6-6ko berdinketa lortu zuen 11. minuturako. Jacobo Cuetarak hutsartea eskatu zuen momentu horretan eta ongi etorri zitzaion taldeari, izan ere, hortik aurrera indarrez aritu ziren eta golak sartzen hasi ziren, bi taldeen arteko aldea gero eta gehiago handituz. Horrela, atsedenaldira zazpi goleko tartearekin iritsi ziren, 13-20koarekin hain zuzen ere.
Bigarren zatian berriz, Bidasoa izan zen nagusi, nahiz eta Sarrià-ko taldea gogoz saiatu zen markagailuan sortutako zuloa murrizten. Zazpi goleko aldearekin hasi zuten irundarrek neurketako azken ordu erdia, eta 13ko abantailarekin amaitu zuten, behin betiko 25-38koa lortuz.
Jacobo Cuetarak partiduaren ondorengo prentsaurrekoan aipatu zuen moduan, “pozik gaude garaipenarekin eta lehian jarraituko dugulako. Barcelonarekin batera, talde bakarrak gara lehiaketa guztietan bizirik irauten dugunak”. Neurketaren inguruan, “bagenekin oso kontzentratuta egon behar ginela. Guk asko txandatzen ditugu jokalariak eta erritmo altu hori mantentzea zaila da beste taldearentzat. Horrela, guretzat garrantzitsua izan den partziala lortu dugu”, gaineratu zuen. Hala ere, hasieran Bidasoak akats batzuk izan zituela ere onartu zuen: “Gaur garrantzitsuak ziren zenbait detaile gaizki egiten ari ginen. Akats horiek zuzendu ditugunean lehiakorrago aritu gara”. Azkenik, prestatzaileak etxeko taldeari eskerrak eman nahi izan zizkion: “Eskerrak eman nahi ditut lehiaketaren kalitatearengatik. Giroaz eta partiduaz gozatzeko aukera izan dugu. Unió Esportiva Sarrià dena ematen duen talde bat da eta hori eskertzekoa da. Zorte ona opa diet ligan eta horrela jarraitzera animatzen ditut”.
Otsailera arte atsedenaldia
Bidasoak orain, Gabonetako oporrak izango ditu urtarrilak 10 arte, orduan hasiko baitira berriro ere entrenatzen. Hala ere, lehian ez dira otsailera arte hasiko, hain zuzen ere otsailaren 2an izango dute hurrengo neurketa irundarrek. Hau Errege Kopako hirugarren kanporaketa izango da. Joaneko partidua izango da, eta oraindik zehaztu gabe dago non eta ze talderen aurka jokatu beharko duten.
(Argazkia: Jordi Rispau)