Bidasoa Bk ordezka dezake Hondarribia Lehen Mailan
Laburra izan da Hondarribia Eskubaloiaren abentura Estatuko Lehen Mailan. Agur esango dio larunbatean Trapagaranen, ligako azken jardunaldian (19:00). Aurrekoan, 25-27 galdu zuen Hondartzan Arrasateren aurka. Sailkapeneko azken aurreko tokian geldituko da Javier de la Hazaren taldea. Jende falta eta lesioak jasan dituzte berdeek, eta ezin izan dute helburua bete. Taldeen gorabeheren ondorioz bigarren aukerarik ematen ez badiete behintzat, Euskal Ligan ariko dira hurrengo denboraldian.
HTG Express Bidasoa Bk hartu dezake hondarribiarrek utzitako lekua. Garaipen argiarekin bukatu du liga, Egia Bri 43-24 irabazita. Hortaz, lehen postuari eutsi dio. Maiatzaren 15, 16 eta 17ko asteburuan igoera fasea jokatuko du. Irunen izango da, eta ondorengo taldeak izango ditu filialak aurkari: BM. Porriño, CD Cantolagua eta Juanfersa Gijón. Ligan, hogeita bat partida irabazi, hiru berdindu eta bi galdu ditu Bidasoa Bk.