Bidasoa bere helburutik hurbilago Valladolid garaitu ondotik
Bidasoa Irunek 32-27ko emaitzarekin garaitu zuen pasa den ortziralean Recoletas Atletico Valladolid. Hasiera parekatu baten ondotik, talde horiak hartu zuen partiduaren gidaritza eta jardunaldiko bi puntuak eskuratu zituen honela, urte bukaerako helburuetara hurbilduz.
Defentsa gogor eta zail batekin egin zuen topo Bidasoak etxean. Recoletas Atletico Valladolid indartsu kantxaratu zen Artalekun eta horri aurre egiteko, etxekoek defentsan sendo aritu behar izan zen. Lehen minutuetan, markagailua oso parekatua egon zen, bi taldeen aldeko tirabirak markatuta. Hala ere, partzialetan aitzinera eginez, Bidasoak bere lekua hartu zuen eta erasoan geroz eta finago ibiliz, 16-13ko emaitzarekin ailegatu ziren atsedenaldira.
Lehen zatian egindakoa errepikatu eta hobetu zuten Bidasoako jokalariek bigarren ordu erdian. Erasoan asmatuz eta, batez ere, defentsan ezin hobe jokatuz, garaipena lortzen joan ziren bidasotarrak. Gorka Nieto, Marko Jevtic eta Leo Macielen lanari esker, bi taldeen arteko aldea geroz eta handiagoa zen, beti ere etxekoen alde. Horrela, azkenik, bost goleko abantailarekin Bidasoak lortu zuen garaipena, jardunaldiko bi puntuak ere poltsikoratuz.
Garaipenaz gain, Alex Raix-en debuta azpimarratu du talde horiak, neurketaren azken minutuetan kantxaratu baitzen lehen aldiz eta lehen gola ere eskuratu baitzuen momentu horietan.