BIDASOA ATLETIKO BETERANOEK HAMAIKA DOMINA ESKURATU DITUZTE EUSKADIKO TXAPELKETAN

2024/05/15
BIDASOA ATLETIKO BETERANOEK HAMAIKA DOMINA ESKURATU DITUZTE EUSKADIKO TXAPELKETAN

Irungo klubeko Arantxa Ausan, Juana Usabarrena, Miguel Arburua, Imanol Gil eta Javier Garcia Arnedo nagusitu ziren kategoria desberdinetan

Euskadiko Master Txapelketa ospatu zen pasa den asteburuan eta Bidasoa Atletiko Taldeko kirolariak bertan izan ziren, emaitza ezin hobeak biltzen. Guztira, hamaika domina eskuratu zituzten bortz atleten artean: Arantxa Ausanek urrezko hiru domina, Juana Usabarrenak urrezko bi, Miguel Arburuak, urrezko bertze bi, zilarrezko bat eta brontzezko bertze bat, Imanol Gilek urrezko domina ere eta azkenik, Javier Garcia Arnedok zilarrezkoa poltsikoratu zuen.

Arantza Ausan izan zen Euskadiko txapelketan nabarmendu zen atletetako bat. Guztira, urrezko hiru domina eskuratu zituen Ausanek: 300 metroko hasi-lasterketan (52,19 segundu), 80 metroko hesi-lasterketan (13,13 segundu, Espainiako errekorretik hiru zentesimara) eta 200 metroko lasterketan (30,10 segundu).

Juana Usabarrenak ere urrezko bertze bi domina poltsikoratu zituen lehiaketan, W75 mailako bi jaurtiketa proba desberdinetan. Alde batetik, pisu jaurtiketan 6,43 metro eginda eta bertzetik, mailu jaurtiketan 19,07 metro lortuta.

Gizonetan, Miguel Arburuak bildu zituen domina gehien, M55 kategorian. Urrezko bi domina eskuratu zituen, mailu jaurtiketan (16,80 metro) eta xabalina jaurtiketan (20,91 metro). Zilarrezko bertze bat ere irabazi zuen, luzera-jauzian, 3,08 metro eginda. Azkenik, brontzezko domina pisu jaurtiketan lortu zuen, 7,52 metroko markarekin.

Azkenik, Imanol Gilek ere urrezko domina eskuratu zuen, M35 kategoriako 100 metroko lasterketan (11,16 segundu) eta Javier Garcia Arnedok zilarrezkoa eskuratu zuen, M40 kategoriako 5000 metroko lasterketan (16:10 minutu).