BETTY URRUTYK ETA PIERRE URRUTYK IRABAZI ZUTEN 5K LASTERKETA
Cesar Perezek, zirkuituaren estreinaldian, Espainiako M65 mailako errekorra egin zuen
Bidasoa Atletiko Taldeak antolatutako 5K lasterketa ospatuko zen pasa den igandean, apirilaren 23an, Irunen. Bertan, lasterketa azkarrean, Betty Urruty eta Pierre Urruty izan ziren garaileak. Honez gain, Cesar Perezek, zirkuituaren estreinaldian, Espainiako M65 mailako errekorra ezarri zuen. Euria zela eta, hainbat ekitaldi bertan behera gelditu behar izan ziren, baina arrakasta handiko igandean ospatu zuren Irungo erdigunean.
Betty Urruty izan zen emakumeetan helmugaratzen lehena, 17:20ko denbora eginez. Bere gibeletik, BAT klubeko Ane Zabala iritsi zen (18:07) eta hirugarren postuan Itxaso Escondrillas sailkatu zen (18:15). Gizonetan, Pierre Urruty izan zen lasterketako garailea, 15:12 minutuetan osatuz zirkuitua. Bigarren postuan Ander Garin helmugaratu zen (15:15) eta hirugarren postuan, Unai Ibarra (15:18). Honez gain, Cesar Perezek Espainiako errekorra eskuratu zuen, M65 mailan. Zirkuitua estreinatzen zen egun berean egin zuen marka Perezek, 18:17 minutuetan ibilbidea osatu ondotik.
Lasterketa motelean berriz, Lourdes Colomo (20:03) eta Joritz Cabanillas (18:43) izan ziren garaileak. Colomoren gibeletik, Sonia Ziani (20:13) eta Carmen Martin (20:53) sailkatu ziren. Cabanillasen atzetik berriz, Joseba Altube (18:49) eta Javier Guzman (19:06).
Lasterketa egokitua
Betiko moduan, lasterketa egokitua ere lehiatu zen igandean Irunen. Aulkien eta hanbike-n txanda izan zen lehenengo eta Kemen klubaren partehartzea izan zen azpigarragarriena, izan ere, sei atletek parte hartu zuten. Lasterketa honetan, Oscar Sanchezek irabazi zuen lau minutuetan osatuz ibilbidea. Daniel Obiang izan zen bigarren (4:14) eta Jose Luis Rodriguez hirugarren (6:00).
Adimen-gaitasun urritasuna dutenen txanda izan zen gero eta hogei kirolarik baino gehiagok hartu zuten parte ez-lehiakorra den proba honetan. Lasterkariek lagun, familia eta entrenatzaileen laguntzarekin hartu zuten parte eta klubak honekin duen helburua arrakastaz bete zuten.
Ttipi-ttapa ibilbidea
Goiza Ttipi-Ttapa ibilbidearekin hasi zen, betiko moduan. Hogeita hamar bat beterano atera ziren zirkuituari bi itzuli ematera. Tartean, 94 urteko Mariak hartu zuen parte, klubak adierazi duenez, “bizitasunaren eredua” den emakumea.
Milia solidarioak 650 euro bildu zituen
Euriak baldintzatutako goiza izan bazen ere, milia solidarioak 650 euro bildu zituen guztira, Gipuzkoako Minbiziaren aurkako elkarteari bideratuko zaizkionak osotasunean.