Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako gizonezkoak bolada onean daude
Baztan-Bidasoaldeko futbol talde nagusien artean, Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako gizonezkoek eta Doneztebeko Preferente mailakoek lortu dute soilik garaipena. Biak ere sasoi onean daudela erakutsi dute denboraldiko azken txanpa honetan eta aurtengo helburuak eskuetan dituzte. Ez dute zorte bera izan asteburuan Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako emakumeek, Erregional mailako Gure Txokoak eta Lehen Maila Autonomikoko Baztanek. Hirurek ere porrot banarekin bukatu zuten asteburuko jardunaldia.
Gipuzkoako Ligan, Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako gizonezkoek 0-3ko markagailuarekin garaitu zuten larunbat arratsaldean Elgoibar. Azken aldian sasoi onean daudela erakutsi zuten Mintxetan ere. Golik gabeko lehen zati bat jokatu zuten bi taldeek, nahiz eta nagusitasuna lesakarrek eduki. Bigarren zatian, indar hori goletan bihurtu zuten eta hiru gol sartu zituzten, bi Jon Zabalak eta bertze bat Asier Tabernak. Garaipena erabakita utzi zuten segidan eta hiru puntu gehiagorekin, pozik bueltatu ziren etxera Javier Escagües entrenatzaileak kontatu duenez.
Maila eta klub bereko emakumeek berriz, 0-2 galdu zuten Mastegin, Irauli Bostekoren kontra. Aitzinean aurkari zaila zutela bazekiten lesakarrek eta ezin izan zuten deus ere egin honen kontra. Hauek ere hutsera berdinduta ailegatu ziren atsedenaldira eta bigarren zatia hasi eta berehala lortu zuten bisitariek lehen gola. Honek min egin zion Beti Gazteri, are gehiago segidan etorri zen bigarrenak. Besoak jeitsi zituzten etxekoek orduan eta puntuak galdu zituzten. Egoera zailean daude orain Beti Gazteko jokalariak, jeitsiera postuetan, eta hurrengo asteburuan aurkari zuzen bati egin beharko diote aurre, Ainara Otxoteko bigarren entrenatzaileak jakinarazi duenez.
Erregional mailan, igoera fasean, Gure Txokoak ere 4-3 galdu zuen Tolosaren kontra. Hauek ere sailkapeneko azken postuetan daude kokaturik, denboraldia bukatzeko bortz jardunaldiren faltan.
Nafarroako Ligan, Lehen Maila Autonomikoko Baztanek 1-2 galdu zuen Oberenaren kontra. Hirugarren Mailari begira ari den taldea izan zuten baztandarrek aurkari eta aitzinetik ere jakitun ziren honen zailtasunaz. Atsedenaldira hutsera berdinduta joan ziren eta bigarren zatian, gola sartzeko aukera aprobetxatu zuten etxekoek, aitzinetik jarriz. Hala ere, hurrengo minutuan, Baztangoen akats bat baliatuz, Oberenak neurketa berdintzea lortu zuen. Hori guti balitz, etxekoen bigarren akats batean, talde bisitariak bigarren gola sartu zuen, emaitza irauliz eta bere alde jarriz partidu bukaera arte. Sergio Oskoz prestatzaileak adierazi du porrot mingarria izan zela, nahiz eta bazekiten maila handiko talde baten kontra ari zirela.
Azkenik, Preferente mailako Doneztebek 2-3 garaitu zuen asteburuan Valle de Egües B taldea. Gibeletik aritu ziren doneztebarrak partidu guztian zehar. Hasi eta berehala sartu zuen etxeko taldeak lehen gola, nahiz eta bisitariek banako berdinketa lortu hamabi minutu beranduago. Gauza bera gertatu zen, atsedenaldira bidean. Bigarren gola sartu zuen Valle de Egüesek, baina Doneztebek azkar erantzun eta binako berdinketa erdietsi zuen. Bigarren zatian, ailegatu zen bisitariek hirugarren gola, baita garaipenaren gola ere eta horrela, jardunaldiko hiru puntuak poltsikoratu zituzten. Horrela, sailkapeneko lidergotza mantentzen dute, 61 punturekin. Gibeletik, bortz puntura, Gazte Berriak taldea dago eta sei puntura, Soto-Ibarbaso.