Beti Gazteko gizonezkoek puntu bat ekarri zuten Zumarragatik etxera
Gipuzkoako Ligan, Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako emakumeek 6-3 galdu zuten pasa den igandean Zumaiako taldearen kontra. Ainara Otxoteko bigarren entrenatzaileak azaldu duenez, ez zuten neurketa behar bezala hasi. Markagailua berdintzeko gai izan baziren ere, bigarren zatian Zumaiakok hartu zuen berriz ere aurrea eta norgehiagokan aritu ziren 90 minutuetan. Lesakarrak gaizki zelairatu ziren, baina euren lekua hartzeko gai izan zirenaren sentsazioarekin bueltatu ziren etxera.
Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako gizonezkoek berriz, bina berdindu zuten pasa den ortziralean Urola taldearekin. Puntu bat ekartzea positibotzat jo du Javier Escagües entrenatzaileak, nahiz eta hori ona izateko hurrengo jardunaldietan garaipena eskuratzea beharrezkoa izanen den.
Erregional mailan, igoera fasea hasi zuen Berako Gure Txokoak. Matzadan jokatu zuen lehen jardunaldia eta lehen garaipena ere eskuratu zuten bertan beratarrek. 2-0eko markagailuarekin garaitu zuen Trintxerpe, Martxel Matxikote eta Kenai Garciaren gol banarekin. Ederki hasi dute beraz, denboraldiko azken txanpa eta igoera lortzea izanen dute begiz jota hemendik ikasturte bukaera bitarte.
Nafarroako Ligan, Baztanek hutsera berdindu zuen San Adrianekin. Joaneko neurketan San Adrianek garaipena eskuratu zuen Giltxaurdin eta beraz, puntuak ez galtzeko helburuarekin zelairatu ziren baztandarrak aurkariaren etxean. Aukera garbirik gabeko partidua jokatu zuten eta beraz, hutsera berdinduta bukatu zuten jardunaldia. Garaipenen faltan, puntuak ez galtzea eta gainera, etxetik kanpo puntu bat eskuratzeko gai izatea positibotzat jo du Sergio Oskoz prestatzaileak.
Azkenik, Preferente mailako Doneztebek bertze garaipen bat eskuratu zuen pasa den igandean etxean, Zirauki taldearekin kontra. 3-1eko markagailuarekin irabazi zuten doneztebarrek, Txomin Omarrek sartutako bi golei esker, baita Enaitz Iriartek sartutako bertze bati esker ere. Hiru puntuak batuta, lider segitzen dute doneztebarrek sailkapenean, Gazte Berriak hiru puntura dutela.