BETI GAZTEKO GIZONEZKOEK DENBORALDIA HASIKO DUTE LARUNBATEAN
Bergara bisitatuko dute lehen jardunaldia jokatzeko, irailaren 14an, 16:30ean
Gipuzkoako futbol Liga ere martxan izanen da asteburu honetan. Ohorezko erregional mailako gizonezkoak izanen dira lehen jardunaldia jokatuko dutenak eta kasu hori izanen da Lesakako Beti Gazte taldearena ere. Larunbat honetan (irailaren 14an), arratsaldeko 16:30ean, Bergara bisitatuko dute lesakarrek 2024/25 denboraldiko lehen jardunaldia jokatzeko.
Abuztuan hasi zen taldea lanean hitzordu honetara prest ailegatzeko eta, hain zuzen ere, aurredenboraldia nola joan den kontatu du Javier Escagües entrenatzaileak. Aurtengo taldea gaztea izanen dela jakinarazi du, zenbait beteranok taldea utzi dute eta jubenil mailatik bertze zenbait igo baitira talde nagusira. Gaztetasuna nagusi izanagatik ere, talde indartsua sortzeko gai izanen direla aipatu du.
Aurredenboraldian zehar lagunartekoak ere jokatu ditu Beti Gaztek. Askotariko emaitzak eman dira horietan, baina orokorrean sentsazio onak bildu ditu taldeak, batez ere azken asteburukoan. Indartsu sentitu ziren etxeko zelaian Deusto taldearen kontra eta hori bera baliatu nahiko dute lehen jardunaldian ere.
Escagüesek ez du aurtengo helburu berezirik. Orain arte bezala maila mantentzea izanen da helburu nagusia, gazteak formatzea eta denboraldi bukaerako talde sendo bat edukitzea.
Larunbat honetan Agorrosin zelaian izanen da Beti Gazte, bertako Bergara taldearen kontra lehiatzen. Denboraldiko lehen jardunaldia izanen da eta gogorra, Escagüesek onartu duen bezala. Hala ere, gogoz daude lehiatzeko eta ahal den mailarik onena emateko.
Javier Escagües Beti Gazteko entrenatzailea: