Beti Gazteko gizonezkoek bina berdindu zuten asteburuan Tolosarekin

2025/03/11
Klub bereko emakumeek berriz, 0-4 galdu zuten Goierri Gorri taldearen kontra, eta Erregional mailako Gure Txokoak ere porrota jaso zuen Urnietaren kontra (2-0).
Beti Gazteko gizonezkoek bina berdindu zuten asteburuan Tolosarekin

Baztan-Bidasoaldeko futbol talde nagusiek bertze jardunaldi bat jokatu zuten asteburuan. Gipuzkoako Ligan, talde bakar batek ere ez zuen garaipenik lortu, nahiz eta Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako gizonezkoek bina berdindu Tolosarekin. Klub eta maila bereko emakumeek 0-4 galdu zuten Goierri Gorri taldearen kontra eta Erregional mailako Gure Txokoak ere 2-0eko porrota jaso zuen Urnietaren aldetik. 

Nafarroako Ligan berriz, atsedenaldiaren ondotik, martxan jarri ziren Baztan eta Doneztebe taldeak asteburuan. Lehen Maila Autonomikoko Baztanek bana berdindu zuen Injertorekin eta Preferente mailako Doneztebek berriz, bertze garaipen bat lortu zuen etxean, Ardoi B-ri 3-0eko markagailuarekin irabazita, bere lidergotza oraindik ere gehiago sendotuz. 

Beti Gazteko bi taldeetako entrenatzaileek egin dute asteburuko balorazioa. Javier Escagües Ohorezko Erregional mailako gizonezkoek entrenatzaileak pozik daudela aipatu du. Garaipenik lortu ez bazuten ere, puntu bat etxera bueltan ekartzea berri ona delako. Orain dela pare bat aste atera ziren lesakarrak jeitsiera postuetatik eta puntuak gehitzen segitzeak taularen erdian segitzea ahalbidetzen die. 

Ohorezko Erregional mailako emakumeen bigarren entrenatzailea den Ainara Otxotekok erran duenez, galdu bazuten ere “sentsazioak ez ziren txarrak izan”. Etxeko zelaian ongi kokatu ziren lesakarrak, baina Goierri Gorrik sartutako golei ezin izan zieten aurre egin, eta horrek jokalarien moralari min egin zion. Hala ere, lanean segituko dute heldu diren asteburuetan garaipenaren bila.