Beti Gazteko eta Gure Txokoako gizonezkoek hiru puntuak poltsikoratu dituzte asteburuan
Gipuzkoako Ligako taldeek bi garaipen eta porrot bat jaso dituzte asteburuan jokatutako jardunaldietan. Emakumeen Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek 2-1 galdu zuen pasa den igandean Hernaniren kontra. Hasieran lesakarren alde jarri zen neurketa eta mina egin zuten euren jokoarekin. Hala ere, ezin izan zituzten jokaldi horiek errematatu. Hernanik aldiz, 1-0ekoa ezarri zuten atsedenaldira bidean. Bigarren zatian indarrez atera ziren Beti Gaztekoak zelaira eta emaitza berdintzea lortu zuten, baina etxekoek ez zioten neurketari ihes egiten utzi eta bigarrena jarri zuten lesakarrei berriz ere berdintzeko denborarik gabe utziz. Ainara Otxoteko bigarren entrenatzaileak lanean segituko dutela ere argi utzi nahi izan du.
Gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek berriz, 3-0 irabazi zuen igandean etxean Vasconia taldearen kontra. Euren mailako aurkaria izan zuten aitzinean eta lan ona egin ondotik, hiru puntuak poltsikoratzea lortu zuten lesakarrek. Pozik gelditu ziren egindako lanarekin eta etxekoen aitzinean emaitza hori lortzeagatik eta horrelaxe adierazi du Javier Escagües entrenatzaileak ere.
Erregional mailako Gure Txokoak ere garaipena eskuratu zuen asteburuan, San Marcialen kontra 1-0eko markagailua lortuta. Partidu hasieran sartu zuten beratarrek gola eta gai izan ziren, horren ondotik, neurketa lasai bat jokatzeko markagailua bere hortan mantentzeko. Bigarren zatian aurkaria 10 jokalariekin gelditu zen eta horrek ere lagundu zien jokoa kontrolpean edukitzera. Saiatu ziren bertze golen bat sartzen, baina ezin izan zituzten jokaldiak errematatu. Hala ere garaipena eskuratuta pozik gelditu ziren beratarrak eta orain, sailkapeneko bigarren postuan kokatu dira, 9 punturekin eta Behobia liderrarekin berdinduta. Ganix Zubieta entrenatzaileak kontatu du nola joan zen partidua.