Beti Gazteko emakumeek hiru puntuak poltsikoratu zituzten Ondarbeltz Amaikak Mutriku taldearen kontra
Gipuzkoako Ligan, Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako emakumeek 3-1 garaitu zuten Ondarbeltz Amaikak Mutriku taldea, Ainhoa Etxegaraiek, Olaia Telletxeak eta Maddi Zubietak sartutako golei esker. Sailkapeneko azken postuan dagoen taldea zen aurkaria, eta garaipena eskuragarriago zegoela ikusi zuten lesakarrek. Hala ere, maila honetan ohikoa den bezala, partidu lehiatua izan zen eta garaipena ere landu behar izan zuten etxekoek. Hiru puntu gehiagorekin, Ainara Otxoteko bigarren entrenatzailea pozik agertu da.
Klub eta maila bereko gizonezkoek berriz, 3-4 galdu zuten atzo etxean Zumaiakoren kontra. Parekatuak ibili ziren bi taldeak lehen zatian eta bigarren zatiaren hasieran ailegatu zen aurkariaren gol zaparrada. Hala ere, markagailuko tartea ixtea lortu zuten lesarrek, nahiz eta azken gola ez lortu eta beraz, puntuak zumaiarrentzat izan. Javier Escagües entrenatzaileak kontatu du nola joan zen neurketa. Erregional mailan, bertzalde, Kopako fasean, Gure Txokoak bina berdindu zuen larunbatean Hernani B taldearen kontra.
Nafarroako Ligan berriz, Lehen Maila Autonomikoko Baztanek 1-4 galdu zuen Aoizen kontra. Partidua hasi eta berehala hartu zuen aitzina Aoizek eta 0-1ekoarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira. Bigarren zatian berriz, bertze gol bat lortu zuen aurkariak eta momentu horretan etorri zen Baztanen zoritxarra. Jokalari bat gutiagorekin gelditu zen, nahiz eta ez zuen amore eman. Lanean segitu zuen eta gol bat lortzeko aukera izan zuten, nahiz eta epaileak ez zuen kontuan hartu eta anulatua izan zen. Behera etorri beharrean, indarrez segitu zute bertze gol baten bila, baina talde bisitariak horri aitzin egin eta bertze bi gol sartuta, aukerarik gabe utzi zuen etxeko taldea. Sergio Oskoz prestatzaileak egin du neurketaren balorazioa. Preferente mailan, Doneztebek 1-2 garaitu zuen Mutilvera C taldea, sailkapeneko lidergotza sendotuz.