Beti Gazteko emakumeek hiru puntuak poltsikoratu zituzten Ondarbeltz Amaikak Mutriku taldearen kontra
Gipuzkoako Ligan aritzen den Ohorezko Erregional mailako Beti Gazteko emakumeek denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuten pasa den larunbatean Deban, bertako Ondarbeltz Amaikak Mutriku taldearen kontra. 1-2ko markagailua erdietsi zuten lesakarrek eta Udane Claver eta Olaia Telletxea izan ziren golegileak. Azken honek, gainera, 90. minutuan sartu zuen baloia sarera eta garaipena ahalbidetu zion taldeari. Ainara Otxoteko bigarre entrenatzaileak aipatu duenez, orain arte egindako lanak eta taldea osatzeko ahalegina fruituak eman dituzte asteburuan.
Klub eta maila bereko gizonezkoek aldiz, 2-3ko markagailuarekin galdu zuten pasa den ortziralean Mastegin, Zarautzen kontra. Sailkapeneko liderraren bisita jaso zuten lesakarrek eta hauek euren indarra erakutsi zuten Lesakan. Etxekoei, itxura ona eman bazuten ere, ezinezkoa egin zitzaien neurketa berdintzea eta jardunalditik puntuak ateratzea. Hala ere, lanean segitu behar dutela argi du Javier Escagües entrenatzaileak.
Erregional mailako Gure Txokoak ere 3-0 galdu zuen larunbatean Behobiaren kontra, denboraldiko bigarren jardunaldian. Aurkari indartsua bisitatu behar zutela bazekiten beratarrek eta horrela izan zen. Partidu borrokatua izan zen, baina Behobiak bere joko ona zelairatu zuen etxean eta beratarrei ezinezkoa egin zitzaien garaipena eskuratzea, Ganix Zubieta entrenatzaileak kontatu bezala
Nafarroako Ligan, Lehen Maila Autonomikoko Baztanek ere 1-0 galdu zuen Injertoren kontra. Hau ere neurketa lehiatua izan zen eta baztandarrak berdinketa erdiesteko punttuan izan ziren. Hori merezi bazuten ere, ezin izan zuten lortu eta porrotarekin bueltatu ziren etxera. Hala ere, biharko egunari begira daude Baztango taldekideak. Izan ere, hitzordu garrantzitsua izanen dute bihar, asteazkena, Giltxaurdin. Errege Kopako kanporaketa jokatuko dute, 19:00etan, Ontiñena taldearen kontra. Neurketa hau gaindituz gero, baztandarrek aukera izanen dute etxean Lehen Mailako talde baten kontra bertze kanporaketa bat jokatzeko. Hau begiz jota dute beraz, eta hori lantzen pasatu dituzte azken asteak, Sergio Oskoz prestatzaileak aipatu duen moduan.
Azkenik, Preferente mailako Doneztebek bertze garaipen bat eskuratu zuen asteburuan. 0-1eko markagailuarekin irabazi zion Huarte taldeari eta bere nagusitasuna erakusten segitzen du taldeak. Aurkaria neurketa berdintzen saiatu zen, batez ere bigarren zatian, baina ongi defendatu zuen bere markagailua Doneztebek eta hiru puntuak poltsikoratzea lortu zuen. Galdu gabe segitzen du Malerrekako taldeak eta sailkapeneko liderra da, Gazte Berriak taldeari bi puntu ateratzen dizkiolarik. Hain zuzen ere Antsoaingo taldea izanen da heldu den igandean (urriaren 13an), 17:00etan, Iñaki Indart zelaia bisitatuko duena. Oier Beltran bigarren entrenatzaileak egin du jardunaldiaren balorazioa.