Beti Gazteko emakumeek, Baztanek eta Doneztebek garaipen bana eskuratu zuten asteburuan
Gipuzkoako Ligan, Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako emakumeek 4-1eko markagailuarekin garaitu zuten Urola, pasa den ortziralean etxean. Joko ona zelairatu zuten etxean lesakarrek eta beharrezko hiru puntuak eskuratzeko aukera aprobetxatzen jakin zuten, Ainara Otxoteko bigarren entrenatzaileak azaldu bezala. Aurkaria 10 jokalarirekin gelditu zen zelaian eta horrek baldintzatu zuen neurketa lesakarren alde jarrita. Urte zaila dute Beti Gaztekoak aurtengoa, baina hiru puntu lortuta, itxaropena ez dute galtzen.
Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako gizonezkoek berriz, 0-3 galdu zuten pasa den igandean Bergararen kontra. Sailkapeneko goialdean dagoen taldea jaso zuten Mastegin eta zaila izan zen hauei aurre egitea. Puntuak galdu zituzten lesakarrek, baina lanean segitu behar dutela argi dute, Javier Escagües entrenatzaileak erran duenez, entrenamenduetan eta partiduetan hobetuz eta sailkapeneko azken postu horietatik aldetzen saiatuz.
Nafarroako Ligan berriz, Lehen Maila Autonomikoko Baztanek bertze garaipen bat eskuratu zuen asteburuan. Ondalan taldea bisitatu zuten baztandarrek eta 1-3ko emaitzarekin irabazita, hiru puntu gehiagorekin bueltatu ziren etxera. Joko ona zelairatu zutela aipatu du Sergio Oskoz prestatzaileak eta gol ederrak ere sartu zituztela. Azken garaipenak ere indarra eman zion Baztango talde gazteari eta hori guztiarekin, pozik bueltatu ziren etxera garaipena lortuta.
Azkenik, Preferente mailako Doneztebek ere garaipena eskuratu zuen, berriz ere bere lidergotza sendotuz. Doneztebarrek 1-3 garaitu zuten Universidad de Navarra taldea eta hauek ere hiru puntu gehiago batuta, eta sailkapeneko lehen postua mantenduta, bueltatu ziren etxera.