Beti Gazteko bi taldeek garaipen bana eskuratu zuten etxean

2024/11/26
Doneztebek ere hiru puntu gehiago batu zituen asteburuan etxean, Gure Txokoak berdindu egin zuen Matzadan eta azkenik, Baztanek porrota jaso zuen etxetik kanpo.
Beti Gazteko bi taldeek garaipen bana eskuratu zuten etxean

Baztan-Bidasoaldeko talde nagusien artean, Beti Gazteko bi taldeek eta Doneztebek garaipen bana eskuratu dituzte asteburuan. Hiruak etxean aritu ziren eta hiruak ere jardunaldiko puntu guztiak poltsikoratu zituzten. Lesakarrek gainera, denbora zeramatzaten hiru puntuak osotik batu gabe eta etxean egiteak poztasuna ekarri zuten klubera. Gure Txokoak aldiz, hutsera berdindu zuen etxean ere eta Baztan eskuhutsik bueltatu zen Elizondora.

Gipuzkoako Ligan, Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako emakumeek denboraldiko bigarren garaipena eskuratu zuten pasa den igandean etxean. Touring taldea izan zuten aitzinean eta 3-2ko markagailuarekin hiru puntuak poltsikoratu zituzten lesakarrek. Olaia Telletxeak bi gol sartu zituen eta Ane Etxegaraik bertze bat. Ainara Otxoteko bigarren entrenatzaileak kontatu du nola joan zen partidua.

Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako gizonezkoek ere 5-0eko markagailu zabalarekin irabazi zuten pasa den igandean Mastegin ere. Elgoibar jaso zuten lesakarrek eta denboraldiko hirugarren garaipena eskuratu zuten hauek, hilabete bat irabazi gabe egon ondotik. Golegileak Julen Urdangarin, Peio Telletxea, Iosu Zubieta eta Jonan Arbelaitz izan ziren. Telletxeak gainera, bi gol sartu zituen azken jardunaldian. Lesakarrak pozik gelditu ziren lortutakoarekin eta horrela kontatu du Javier Escagües entrenatzaileak ere. 

Erregional mailako Gure Txokoak aldiz, hutsera berdindu zuen igandean etxean Behobia taldearen kontra. Neurketa garrantzitsua zen beratarrentzat, jokoan lidergotza zegoelako. Pena izan zen puntuak banatzea, baina Hala ere, etxekoak pozik gelditu ziren egindako lanarekin. Eurek izan ziren nagusi eta aukerak ere beraienak izan ziren, nahiz eta Behobiako atezainak lan ona egin. Edonola ere, Matzadan golik jaso gabe segitzen du taldeak eta bide horri eutsi behar diotela argi du Ganix Zubieta entrenatzaileak. 

Nafarroako Ligan, Lehen maila autonomikoko Baztanek 3-0 galdu zuen Avance Ezkabarte taldearen kontra. Hasieratik bazekiten neurketa zaila izanen zela, belar naturaleko zelai ttiki batean. Baztandarrak saiatu ziren euren jokoa zelairatzen, baina ez zen posible  eszenatoki horretan. Etxekoak nagusi izan ziren eroso zeuden zelai batean, eta 2-0ekoa jarri zuten atsedenaldirako. Aldageletan jokoa aldatzen saiatu ziren baztandarrak, baina ez zen posible izan eta Ezkabartek hirugarrena sartu zuen segidan. Akatsak zuzendu behar dituzte orain baztandarrek, heldu den astean etxean puntuak irabazten saiatzeko. Sergio Oscoz prestatzaileak egin du neurketaren balorazioa.

Preferente mailako Doneztebek azkenik, bertze garaipen bat eskuratu zuen pasa den igandean etxean. 4-1eko markagailuarekin garaitu zuten Valle de Egües B taldea. Aimar Leatxek, Aitor Agestak, Fermin Estangak eta Unai Ilarregik sartu zituzten golak eta hiru puntuak ere poltsikoratu zituzten honela, doneztebarren aurtengo nagusitasuna bertze behin ere erakutsiz. Sailkapeneko lider da Doneztebe eta hiru puntura du bigarren sailkatua den Gazte Berriak taldea. Zazpi puntura berriz, hirugarren postuan dagoen Soto Ibarbaso.