BETI GAZTE SOKATIRA TALDEAK HISTORIA EGIN DU DENBORALDI HONETAN
2024/02/29
Nafarroako 4x4 txapelketa oraindik ospatu ez bada ere, Lesakako tiralariek Euskal Herriko txapela guztiak irabazi dituzte eta Munduko Txapelketatik 11 domina ekarri dituzte bueltanMunduko Sokatira Txapelketa pasa den otsailaren 8tik 11ra ospatu zen Suediako Helgsinborg hirian. Bertan izan zen Beti Gazteko Sokatira Taldea eta historia egitea ere lortu zuten. Guztira, 11 domina ekarri zituzten bueltan, klub arteko eta nazioarteko lehiaketetan parte hartu ondotik. Horrez gain, Euskal Herriko 8x8 txapelketako txapel guztiak irabaztea ere lortu dute aurten, inoiz inork lortu ez duen mugarria. Euskal Herriko 8x8 Txapelketan ezin hobe ibili zen Beti Gazte Sokatira Taldea. Aurten, historian lehen aldiz, txapel guztien jabe egin ziren tiralariak eta horrela, marka hori lortzen duen Euskal Herriko lehen klubean bilakatu da. Gainera, kategoria guztietan irabazleak izateagatik, Munduko txapelketako nazioarteko lehian Euskal Herria ordezkatzeko eskubidea lortu zuten lesakarrek. Munduko Txapelketan berriz, pasa den urtekoa gainditzea ere lortu zuen Beti Gaztek, ezinezkoa bazirudien ere. Ipar Irlandan lortutako bederatzi dominak, ttiki gelditu ziren aurtengo 11 dominekin alderatuta. Klub artekoan urrezko bost domina eskuratu zituzten (emakumeen 500k, gizonen 600k, 640k eta 560k eta mistoan) eta zilarrezko bertze bat (emakumeen 540k). Horietatik hirutan (emakumeen 500k gizonen 640k eta mistoan) lehen aldiz lortu zuten urrezko domina. Nazioartekoan berriz, urrezko domina bat (mistoan), zilarrezko bertze bat (gizonen 600k) eta brontzezko hiru (emakumeen 500k eta 540k eta gizonen 560k) poltsikoratu zituzten. Sasoi betean daudela erakutsi dute Beti Gaztekoek, lehen urrezko domina eskuratu zutenetik 25 urte pasa diren honetan. Munduko Txapelketan bizitako guztiaren inguruan aritu dira solasean Unai Gurrutxaga, Maddalen Lopez eta Ainhoa Ubiria tiralariak