BETI GAZTE SOKATIRA TALDEAK BEDERATZI DOMINA ESKURATU DITU MUNDUKO TXAPELKETAN
Lesakarrak bi kategoriatan izan dira munduko txapeldun, seitan txapeldunorde eta bertze batean podiumeko hirugarren koskara igan dira
Martxoaren 8tik 11ra Beti Gazte Sokatira Taldea Ipar Irlandan izan da Munduko Sokatira Txapelketa jokatzen. Taldeak lan bikaina egin du eta etxera bueltan bederatzi domina ekarri ditu: urrezko bi, zilarrezko sei eta brontzezko bat. Sari guzti horiek klub arteko eta nazioarteko txapelketetan eskuratu dituzte, lehendabizikoan Beti Gazteren izenean eta bigarrengoan, Euskal Herriaren izenean.
Martxoaren 8an eman zioten hasiera Munduko Txapelketari Ipar Irlandako Parkgate herri ttikian. Beti Gazte Sokatira Taldea podiumera igaten hasi zen egun berean. Lehenik, 500 kiloko kategorian lehiatuko ziren emakumeak eta bigarren postua eskuratu zuten, munduko txapeldunordeak bilakatuta. Azpimarratzekoa izan zen Txina Taipei txapeldunari tiraldi bat irabazteko gai izan zen talde bakarra izan zela lesakarra. Hirugarren postuan, Ibarra sailkatu zen. Arratsaldean berriz, gizonezkoek 600 kiloko kategorian zilarrezko domina irabazi zuten baita ere. Ipar Irlandako Country Club taldea izan zen txapeldun eta hirugarren postuan, Mountain View taldea sailkatu zen.
Martxoaren 9an, emakumeek ireki zuten bigarren jardunaldia ere, 540 kilotan. Lesakarrak, berriz ere, munduko txapeldunorde bilakatu ziren tiraldi guztiak irabazita, txinatarren kontrakoak izan ezik. China Ansteel izan zen irabazlea eta hirugarren berriz, Ibarra. Arratsaldean, talde mistoak ere parte hartu zuen, 580 kilotan, eta hauek ere zilarrezko domina eskuratu zuten, Ayrshire taldearen gibeletik eta China Ansteel-en aitzinetik. Azkenik, eguna borobiltzeko, gizonezkoek munduko txapeldun bihurtu ziren 560 kiloko kategorian, Gaztediri azken bi tiraldietan nagusituz. Hirugarren koskara, Ipar Irlandako Country Club igan zen.
Klub arteko txapelketa ezin hobe bukatuta, nazioarteko txapelketari eman zioten hasiera Beti Gazteko tiralariek. Euskal Herriko Txapelketan sei txapel irabazi ondotik, lesakarrek kategoria horietan ordezkatu zuten Euskal Herria. Lehenengo jardunaldian, martxoaren 10ean, emakumeak 500 kiloetan eta gizonezkoak 600 kiloetan munduko txapeldunorde suertatu ziren. Emakumeak China Taipeiren gibeletik eta Chinaren aitzinetik sailkatu ziren. Gizonezkoak berriz, Ipar Irlandaren gibeletik eta China Taipeiren aitzinetik.
Hau guztia gutti balitz, martxoaren 11n bertze erronka bat gainditu zuten Beti Gaztekoek. Gizonezkoek 640 kiloko kategorian lehiatu ziren lehendabizi, eta tiraldi borrokatu batzuen ondotik, hirugarren sailkatu zen Euskal Herria, Irlanda eta Ipar Irlandaren gibeletik. Txapelketa borobiltzeko, talde mistoak bertze urre bat eskuratu zuen eta munduko txapeldun bilakatu zen horrela. Eskozia izan zuten finalean aurkari, eta bi tiraldi gogorren ondotik, lehen postuan bukatzea lortu zuten lesakarrek Euskal Herriaren izenean. Eskozia izan zen bigarren eta China Taipei hirugarren.
Bederatzi dominekin bukatu du Munduko Txapelketa Beti Gazte Sokatira Taldeak, jokatutako maila guztietan podiumera igatea lortuz. Guzti honekin, denboraldi bikain bat borobildu dute, Nafarroako eta Euskal Herriko Txapelketetan ere lan ezin hobea eginez.