BESTE URTE BATEZ KONTXA BERDEA BILAKATU ZEN
Hondarribia Arraun Elkarteak bigarrenez jarraian Kontxako Estropadaren garaile bilakatu ziren igandean. Bi igandetan lehen postuan bukatuta, arraun munduko bandera preziatuena Hondarribira eraman zuten. Iker Cortesen arraunlariak ere oso txukun ibili ziren eta hirugarren postuan bukatu zuten emakumezkoetan.
Herriko jaien egun garrantitsuenean Kontxako Estropadaren bandera Hondarribira eramatea lortu zuten Ama Guadalupekoako eskifaiekoek. Bi igandeetan Donostiako uretan azkarrenak izan ziren, baina asko sufritu zuen arraun munduko trapu preziatuena eskuratzeko. Oriorekiko bost segunduko abantaila zuten Mikel Orbañanosen arraunlariek, abantaila hori mantenduta garaile bilakatuko ziren, baina aurten Orioko eskifaia ez da makal ibili eta lana asko zaildu zioten ‘Ama Guadalupekoari’.
Orio, Hondarribi eta Santurtzi oso idartsu hasi zuten ohorezko txanda, Oriotarrak ziren estropadaren proa, baina Hondarribiak oso hurbiletik jarraitzen zituen. Ez zegoen olatu handirik, marka ona egiteko eguna izan zen igandekoa eta bazirudien arraunlarien indarren egon zitekeela garaipena patroiaren trebatutasunaren ordez. Ziaboga hartu baino lehen, Oriok lau segunduko abantaila zuen Hondarribiarengan, baina olatu ñimiño baten ondotik Orio harrapatu eta aurreratu ere egin zuten. Orduan Hondarribia jarri zen estropada buru eta Kontxako Bandera astintzeko hurbilago aurkitu ziren. Hondarribitarrek bikain kontrolatu zuten estropada ordutik eta bien arteko lehia igandeko estropada irabaztean zentratu zen eta horretan ere, Hondarribia izan zen nagusi segundu bateko abantailarekin. Ohorezko txandan aritu ziren beste bi traineruak oso atzean geratu ziren, Santurtzi 14 segunduetara iritsi zen eguneko bostgarren sailkatua izanez eta Zierbena 21 segunduko atzerapenarekin heldu zen, eguneko zazpigarrena bukatuz.
Kontsolazio txanda ere ez zen makala izan, Donostiarrak sekulako estropada egin zuen eta Hondarribiaren segundu batetara geratu zen, Orioreko oso oso hurbil. Urdaibai izan zen kontsolazio txandako bigarrena, Donostiarrarekiko 10 segunduko atzerapenarekin heldu zen eta eguneko laugarren bezala bukatu zuen, Ondarroak lehen igandeko estropada hobetu zuen ere, ondo eutsi zion Urdaibairi baina azkenean bost segunduko atzeratu ziren eta seigarren postuan amaitu zuten. Sailkapena Kaikuk itxi zuen, 32 segundu galdu zituen Hondarribiarekiko eta lehen igandeko emaitza bera errepikatu zuen.
Hauxe izan zen beraz 2019ko Kontxako Banderaren orotarako sailkapena:
1.- Hondarribia 39:01
2.- Orio 6 segundutara
3.- Santurtzi 23 segundutara
4.- Donostiarra 25 segundutara
5.- Bermeo 30 segundutara
6.- Zierbena 36 segundutara
7.- Ondarroa 48 segundutara
8.- Kaiku 1:26 minututara
Emakumezkoetan Orio garaile eta Hondarribiaren erakustaldia
Orioko arraunlariek sekula ahaztuko ez duten denboraldia egin dute, urte berean Euskotren Liga eta Kontxako Bandera eskuratu dute, biak aurten estreinekoz. Eta nola gainera, lehen igandean sei segundurengatik gailendu ziren Arraun Lagunaki, baina bigarrenean 28 segundu atera zizkioten eskifaia donostiarrari. Emozioa nabaritzen zitzaien arraunlariei, hainbeste amestutako unea iritsi zitzaien.
Kontsolazio txandan Iker Cortesen arraunlariak bikain aritu ziren, sekulako borroka izan zuten Donostiarrarekin eta azkenean Oriorekiko 11 segunduko atzerapenarekin iritsi ziren helmugara. Bigarren bukatu zuen ‘Ama Guadalupekoa’k, denboraldiko emaitzarik onena, eta horren ondotik, bi igandetako denborak kontutan izanda hirugarren postuan bukatu zuten. Bost segunduko atzerapenarekin Donostiarra eguneko hirugarren izan zen eta globalean bostgarren postua erdietsi zuten. Ohorezko txandan esan bezala Arraun Lagunak Oriorekiko 28 segunduko atzerapenarekin iritsi zen helmugara eta ehunenekoengatik eguneko laugarren postuan bukatu zuen. Hori bai, Arraun Lagunak sailkapen nagusian Hondarribiaren aurretik geratu ziren.
Eguneko azken lauak Hibaika, Riveira, San Juan eta Zumaia izan ziren. Hibaika eta San Juanek ez zuten lehen igandeko errendimendu bera erakutsi eta sailkapen nagusian ere atzera egin zuten: Oreretarrak laugarren bukatu zuten eta Sanjuandarrak seigarren.
Hauexek izan ziren emakumezkoen Kontxako Estropadaren denborak:
1. Orio 21:28.48
2. Arraun Lagunak 21:57.42
3. Hondarribia 22:04.20
4. Hibaika 22:07.16
5. Donostiarra 22:13.40
6. San Juan 22:19.40
7. Riveira 22:22.66
8. Zumaia 22:50.28