Beste bi urtez jarraituko du Kauldi Odriozolak Bidasoan
2017/11/24
Harremana bi urtez luzatzeko akordioa lortu dute C.D.Bidasoa eskubaloi elkarteak eta Kauldi Odriozola Yeregi (Zumaia, 1997) jokalariak. Aurten amaitzen zen eskuin hegaleko jokalariaren kontratua, baina 2020ra arte luzatu du orain. Artalekun jarraituko du, beraz, bere ibilbide profesionala.
Hirugarren denboraldia du Kauldik Irunen, Zumaiako Pulpo elkartetik atera eta gero. Lehenengoan Asobal Ligara igotzea lortu zuen, Bidasoarekin. Iaz, Asobal Ligako debutari onena izan zen. Junior mailako Munduko Txapelketa irabazi zuen udaran, Espainiako selekzioarekin. Senior mailako selekzioaren deialdietan ere sartzen hasia da, gainera. Aurten, Bidasoako golegile onena da, momentuz.