BESTE BI PUNTU ARTALEKUN
Bidasoak Nava taldea garaitzea lortu zuen 28-26ko markagailuarekin
Bidasoak atzo jokatu zuen, Artalekun, denboraldiko 23. jardunaldia, Viveros Herol BM Nava taldearen aurka. Hasieratik nagusi izan zen etxeko taldea, baina bukaeran neurketa zaildu egin zitzaion. Hala ere, irundarrek 28-26ko markagailuarekin irabaztea lortu zuten eta horrela, bi puntu gehiago gehitu zituzten sailkapenera.
Partidua hasi eta berehala jarri ziren etxekoak aurretik. Talde irundarrak egin zuen defentsa lanari esker, eta Jose Manuel Sierrak egin zituen geldiketei esker, bost goleko errenta ere eskuratu zuten lehen zatiaren erdialderako (9-4, 15. minutua). Hala ere, atsedenaldia baino lehen norgehiagoka beste ildo batetik joan zen eta Navak aldea murriztea lortu zuen, 15-13ko markagailua ezarrita.
Bigarren zatian, lehenengo minutuetako Bidasoa ikusi zen berriz ere kantxan. 35. minuturako, lau goleko hutsunea ireki zuen etxeko taldeak (18-14), baina honek ez zuen asko iraun. Bidasoak jokalari garrantzitsuen falta sumatu zuen eta Navak, hori aprobetxatuta, markagailuko zuloa ixten joan zen eta aurretik jartzea ere lortu zuen (24-25, 55. minutuan). Azkue, Cavero eta Ledo gabe eta Salinas eta Kauldi minduta, talde irundarrari kosta egin zitzaizkion neurketako azken minutuak. Edonola ere, bidasotarrak, amore eman gabe, defentsan eta atean lanean jarraitu zuten eta bi golengatik garaipena eskuratu zuten azkenean, 28-26ko markagailuarekin. Horrela, sailkapenera beste bi puntu gehitzea ere lortu zuten.
Bidasoak atsedenaldia izango du orain eta apirilaren 20an jarriko da berriz ere martxan. Artalekun jokatuko du hurrengoan ere, Angel Ximenez Puente Genil taldearen aurka.
Fitxa teknikoa
28 – Bidasoa Irun (15+13). Sierra , Mujika (2), Tesoriere, Francisco da Silva (1), García (3), Rodríguez (4), Fernández (5, 3 p.); Larrarte, Ugarte (2), Zabala (1), Furundarena (3), Odriozola (2), Aginagalde (4, 2 p.), Salinas (1), Nieto, Iribar.
26 – Viveros Herol BM. Nava (13+13). Patotski, Vujovic (5, 1 p.), D’Antino (5), Pérez Arce (1), Carró (1), Sebetic, Horiha; Pleh, Bernabéu, Villagrán (1), Prokop (4), Tsanaxidis (3), Marugán, Rosales, Smetanka.
Partzialak. 3-1, 6-3, 9-4, 12-8, 14-11, 15-13; 18-14, 19-16, 20-18, 21-21, 24-25, 28-26.
Epaileak. Arcos Adeva eta Luque Cabreja. Bidasoa Irunen aldetik, García, Furundarena eta Tesoriere zigortu dituzte bi minutuz. Viveros Herol Navaren aldetik, Horiha (2), Villagrán, Vujovic eta Carró.
Bestelakorik. Sacyr ASOBAL Ligako 23. jardunaldiko neurketa Artalekun 1.407 zaleren aurrean.
(Argazkia: Arrate Morales)