BESTE BERDINKETA BAT…HIRUGARRENA ERRENKADAN

2018/10/29
Beste puntu bat eskuratu zuen Real Unionek atzo Merkatondoan 1-1 berdindu ostean. Zelaiaren berezitasunak zirela medio, ezin izan zuten hiru puntuak Irunera ekarri. Yoel Sola izan zen irundarren golegilea.
BESTE BERDINKETA BAT…HIRUGARRENA ERRENKADAN
C.D. Izarra 1
1 Real Union

Norgehiagokak ixtea kostatzen ari zaio Real Unioni, horren adibide, azken hiru jardunaldietan lortutako berdinketak. Markagailuan aurretik jarri arren, talde txuribeltzak ez ditu hiru puntuak eskuratzen eta pixkanaka pixkanaka playoff postuak urruntzen doaz. Baina argi dago ere, garaipena lortzen ez denean, berdinketa bat emaitza ona dela, eta are gehiago etxetik kanpoko norgehiagoka batetaz hitz egiten ari bagara.

Lau partida galduta iristen zen Izarra igandeko norgehiagokara, irabazteko beharra zuten eta aldageletatik sutsu irtengo zirela aurreikusten zen. Baina aurreikusten zena ez zen bete eta txuribeltzak izan ziren jokoaren jabe. Horrela 22.minutuan Yoel Solak aurreratu zituen irundarrak. Ez zuen gola ospatu, izan ere, Izarratik hain zuzen fitxatu zuen Real Unionek udara honetan. Bazirudien atsedenaldira 0-1ekoarekin iritsiko zela, baina 39.minutuan Ivan Garridok berdinketa lortu zuen.

Atsedenalditik bueltan, abagune nagusiak txuribeltzen kargu izan ziren. Nabaria zen Juan Dominguezen mutilek hiru puntuak lortu nahi zutela baina ezin izan zuten nahia bete. Izarrak ere izan zituen bere abaguneak, jaurtiketa arriskutsu batzuen ostean, zutoinera bidali zuten baloia.

Amaierara berdinketarekin iritsi zen, hirugarrena hiru jardunaldietan. 14 punturekin hamabigarren postuan aurkitzen da jardunaldi honen ostean talde irundarra. Sailkapeneko liderra izango du visitan igandean Real Unionek, hau da, Racing de Santander izango du aurrean.