Berpiztu egin da Real Union
REAL UNION: Otaño, Estrada, Esnaola, Aimar, Urkizu, Ekhi, Alonso, Capelete (Letamendia, 78'), Juan (Martins, 73'), Orbegozo, Galán (Hernáez, 80').
LOGROñéS: Miguel, Santos (Carlos García, 65'), Zubiri, Fernández, Mayor, Remon (Saenz de Miera, 79'), Aguilar, Salvador, De Sousa (Asensio, 62'), García, Arnedo.
GOLA: 1-0: Galán (59').
EPAILEA: Gao Aladino. Txartel horiak: Galán, Juan, Aimar (x2) (Real Union).
Azaroa heltzearekin batera, bolada txarra atzean utzi du Real Unionek. Logroñés mendean hartu du Stadium Galen, bigarren zatiaren hasieran lortutako gol eder bati esker. Errioxarrak indartsu sartu dira neurketan, lehen minutuan, zutoinera bidali baitute baloia. Abisu gehiago ere iritsi dira segidan, eta hamabost minutuz, nagusi izan da Logroñés. Ordutik aurrera, txuribeltzen lehen aukerak iritsi dira, Urkizuren erdiratzeekin, batez ere. Pixkanaka, indarrak orekatu egin dira, eta arerioa baino gehiago ere izan da, Real Union. Azken minutuetan, ordea, gora egin du Logroñesek, berriro.
Bigarren zatiaren hasieran partidaren agintea hartu du Unionek, eta oldarkorrago ibili da. Erasorako baliabide gehiago topatu ditu, eta momentu onari etekina atera dio. 59.minutuan, gol bikaina sartu du etxeko taldeak. Mario Capeletek egin du erdiratzea, eskuin hegaletik, eta Jorge Galanek errematea, buruz, sarera. Lau minutu beranduago beste burukada bat egin du aurrelari nafarrak, baina zutoinean jo du baloiak. Asier Santanaren taldeak ez du askoz gehiago arriskatu, eta pixkanaka, atzera egin du, defentsan jarriaz arreta.
Markagailuan aurretik dagoenean, eroso aritzen da Santanaren taldea. Oraingoan ere hala izan da, Aimar Sagastibeltzak bigarren txartel horia ikusi eta aldagelarako bidea hartu duen arte. Azken hamar minutuetan, sufritzea egokitu zaio Unioni. Edonola ere, hiru puntuak Galen gelditu dira, eta konfiantza berreskuratzeko ere balio dezake garaipenak.