Beroa da Behobia-Donostiako arrisku faktore handiena
Kirolaren inguruko festa handia izaten da Behobia-Donostia, errepidean eta espaloietan izaten den giro apartagatik, eta lasterketaren inguruan sortu diren ohiturengatik. Tarteka, alabaina, itzal handi batek estaltzen du proba. 2002.urteaz geroztik, lau hildako utzi ditu Irungo Behobia auzoa eta Donostia lotzen dituen 20km-ko lasterketak. Azkena, 2015ean. Heriotza bakoitzaren ondoren, zurrunbilo mediatiko handia sortzen da, ohiko eztabaida bat mahai gainean jarriz: izena ematerakoan mediku azterketak eskatzeko aukera. Frantziako Estatuan, adibidez, derrigorrezkoa da.
2016an, mediku batzorde bat osatu zuen Behobia-Donostiak, mundu mailan gaiaren inguruan dagoen ezagutza azter zezan. Ikerketa horren emaitzen berri eman du Felix Zubia Donostiako Unibertsitate Ospitaleko medikuak, Iñigo Etxeberria Behobia-Donostiako koordinatzailearekin, Uxue Fraile mendi lasterkariarekin eta Arantxa Errazkin Bidasoa ESIko mediku eta kirolariarekin batera, urriaren 6an Donostiako San Telmo Museoan. Ondorio nagusia da bero-kolpea dela heriotzen eragilea, eta erritmoa jaistea, prebentzio neurri onena. Azaroaren 12an izango da, aurten, Behobia-Donostia.
18.000 parte hartzaile eduki zituen Behobia-Donostiak 2007an. 2015ean, 33.000ra iritsi zen. Ia bikoitza, zortzi urteko epean. Agerikoa da garapen ikaragarria jasan duela Fortuna Kirol Elkarteak antolatzen duen probak, azken hamarkadan. Inguruan tradizio handia eta zaletu asko zituen herri lasterketa izatetik, estatu osoko eta nazioarteko parte hartzaileak erakartzen dituen kirol ekitaldi erraldoi bilakatzera pasa da. Antolakuntzan ere, aldaketa handiak egin behar izan dituzte, denbora tarte laburrean: izen-emateetan, irteeran, ibilbidean… Baita mediku asistentzian ere.
Felix Zubia Donostiako Unibertsitate Ospitaleko medikuak hamalau urte daramatza helmugan korrikalariak artatzen. Behobia-Donostia, Gipuzkoako osasun zerbitzuarentzat, eguna, tokia eta ordua dituen “katastrofea” dela adierazi du. Azken hilabetean Karibe aldea gogor kolpatu duten urakanekin konparatu du: “Iaz, helmugan bakarrik, 445 asistentzia eduki genituen, toki berean”. 30 mediku, 50 erizain, 100 teknikari, anbulantzietako 30 langile… “Horrelako dispositibo gutxi daude munduan”, baieztatu du Zubiak. Hala ere, ezbeharrak gertatzen dira Behobia-Donostian. Ezinezkoa da dena kontrolpean edukitzea.
2015ean, 31 urteko gizonezko bat zendu zen, Behobia-Donostian parte hartzen ari zela. Helmugara iristear zela zorabiatu zen, eta Donostiako Ospitalean hil zen. 2013an, 30 urteko emakumezko bat hil zen, 2010ean, 40 urteko gizonezko bat, eta 2002an, 23 urteko beste bat. Denak gazteak, denak lasterketako azken kilometroan bihotza geldituta. “Eztabaida handiak sortu izan dira bakoitzaren ondoren: prestaketa baxua zela, edo mediku azterketen beharra zela”, azaldu du Iñigo Etxeberria Behobia-Donostiako koordinatzaileak: “Baina zurrunbiloa pasata, datuak bilduta eta konparatuta, konturatzen ginen kontraste handia zegoela jendearen iritzi orokorrekin”.
Beroaren ondorioak
2015eko edizioaren ondoren, mediku batzorde iraunkor bat eratu zuen Behobia-Donostiako antolakuntzak. Mundu mailan gaiaren inguruan egin izan diren ikerketak bildu, aztertu, eta lasterketako datuekin alderatu dituzte. Ondorioak argiak direla aipatu du Felix Zubia batzordeko kideak: “Bihotzeko arazoak oso bakanak dira, gezur handia saldu digute. Arazo handiena, bero-kolpea da”. Behobia-Donostiako estatistikak hartuta, agerian gelditzen da, bero handieneko edizioetan, asistentzien kopurua askoz handiagoa dela. 2015ean, azken heriotzaren urtean, 2ºkoa izan zen azaroko tenperatura minimoa. Lasterketaren egunean, aldiz, 28ºra iritsi zen termometroa.
Estatistikei begira, ebidentea da tenperaturaren eta asistentzia kopuruen arteko harremana. Tenperatura altuekin, gora egiten dute, nabarmen. Hezetasunarekin kontrakoa gertatzen da. “Noiz dago hezetasun gutxien, hemen? Hego-haizearekin. Orduan, bero handia egiten du”, argudiatu du Zubiak. Beroarekin lotuta, oso ohikoa da entzutea ur asko edan beharra dagoela. Medikuak, alabaina, ideia hori ukatu egin du: “Batzuetan, gehiegi edatea ere txarra izan daiteke, sodio faltagatik arazoak sor daitezkeelako. Bero kolpea ez da deshidratazio kontua”.
“Ez genuke erlojuari begira korrika egin behar, pultsometroari begira baizik”
Felix Zubia, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko medikua
Zerk eragiten du, hortaz, heriotzen arrazoi izan den bero-kolpea? Gehiegizko erritmoari egotzi dio Felix Zubiak: “Markari gehiegi begiratzen zaio. Ez genuke erlojuari begira korrika egin behar, pultsometroari begira baizik”. Kultura oso bat dago gure inguruan, Behobiako denborari dagokionez. “Maratoi erdiko denborak ez dira erreferentzia, hemen, Behobiakoak bai”, gogorarazi du Iñigo Etxeberriak. 2015eko edizioan, termometroak 25 graduak gaindituko zituela ikusita, behin eta berriro errepikatu zuen Joseina Etxeberriak, irteerako megafoniatik, ez zela markak egiteko eguna izango. “Baina jendea itsutu egiten da”, penatu da Zubia.
Bero handia egiten duen egunetan, denbora galera oso txikia da, korrikalarientzat, lasterketako lehen kilometroetan. Galera progresiboa da, baina biderkatu egiten da, azken hiru kilometroetan. Tarte horretan izaten dira asistentzia gehien, hain zuzen ere. Heriotzak, azken kilometroan gertatu dira. “Ikusleei esango nieke, korrikalari bat Kursaalean gaizki ikusten baldin badute, ez animatzeko bukatzera”, luzatu du medikuak. Itsutze horrekin lotu du, Zubiak, emakumeen parte hartzeak gora egin duen urteetan, ezbehar gehienak gizonezkoei gertatu izana: “Fisiologikoki berdin eragiten die, baina psikologikoki ez. Emakumezkoak, gaizki doazenean, gelditu egiten dira”. Gizonezkoek lehiarako heziketa handiagoa jaso dutela argudiatu du Iñigo Etxeberriak. Uxue Fraile korrikalariak ez du uste emakumezkoek markak bilatzen ez dituztenik, baina iruditzen zaio arriskuarekiko kontzientzia handiagoa dutela: “Ikerketa bat egin beharko litzateke, aztertzeko emakumeok zergatik ez garen iristen pajara edukitzera”.
Herri lasterketa?
Felix Zubiak azpimarratu du, beroaren aurrean, mediku azterketek ez dutela onura berezirik ekartzen: “Oso baliagarriak dira, baina esatea horrek heriotzak ekiditen dituela, gezurra saltzea da”. Parte hartzaileei informazioa eskaintzeaz gainera, beste neurri bat hartu du antolakuntzak, screening programa, hain zuzen ere. Iñigo Etxeberriak eman ditu azalpenak: “Test erraz bat egitea proposatzen dugu: zeinu eta sintomen galdetegia, prestakuntzari eta bihotzeko gaitzei buruzkoa da. Erantzunen arabera, aholkuak ematen ditu. Eta aurten, oraingoz, izena emandakoen %6 soilik bidali du medikuarenera”.
“Pentsatu duguna da denborak, sailkapena, baliorik gabe uztea”
Iñigo Etxeberria, Behobia-Donostiako koordinatzailea
Eguraldiaren iragarpenei begira daude, beraz, Behobia-Donostiako antolakuntzan. Zer egingo lukete, 25ºtik gorako tenperaturak esperoko balituzte? “Lasterketa bertan behera uztea kaosa litzateke”, uste du Etxeberriak: “Baina pentsatu duguna da denborak, sailkapena, baliorik gabe uztea”. Izan ere, denborek eta postuek duten pisuagatik, lasterketaren herrikoi izaera ere zalantzan jarri izan da. Uxue Frailek ez du uste Behobia-Donostia herri lasterketa denik. Felix Zubiari ere, iruditzen zaio herri lasterketa batek oso bestelakoa beharko lukeela izan: “Lagunekin ondo pasatzeko egun bat izan beharko luke. Ondo prestatuta egitekoa, prestaketaz ere gozatu ondoren”. Lasterketak hartu duen norabidea ikusita, ordea, zaila dirudi halako filosofia orokorra zabaldu ahal izatea.