Bermeora ihes egin du Kontxako Banderak

2015/09/13
Bermeora ihes egin du Kontxako Banderak

Ama Guadalupekoak ezin izan du Kontxako lehen asteburuan lortutako abantaila baliatu. Bi segundo baino dezente gehiago galdu dituzte berdeek jardunaldi erabakigarrian. Zazpiko aldearekin sartu da Urdaibai helmugan. Txanda irabazi eta bandera eskuratu du Bermeoko taldeak, 19:20ko markarekin. Denboraldian zehar askotan alde izan duen zortea, kontra eduki du Hondarribiak kaleen zozketan. Lehen kaletik irten dira berdeak, Aquariumaren aldetik. Estropada eremuko beste muturrean izan dira urdinak, laugarren kalean. Lehen txandan argi gelditu da ontzi guztiek Santa Klara irlaren aldera jo dutela. Ohorezko Txandan, berriz, Hondarribiak ez du aukerarik izan.

Estua izan da lehia lehen luzean. Oriok eta Kaikuk estropadaren burua hartu dute, Hondarribiaren eta Urdaibairen arteko kontrola baliatuta. Elkarrengandik oso hurbil ekin diote lau ontziek ziabogari. Ama Guadalupekoak maniobra ona egin du, itxaropenari eusteko asmoz. Baina bigarren luzean, oso indartsu aritu da Bou Bizkaia. Hondarribiak ez du estropada eremua gurutzatzeko aukerarik izan, Kaiku izan baitu ondoan une oro. Joseba Amunarriz patroiak ezin izan du olaturik harrapatu, eta gero eta atzerago geldituz joan da Hondarribia. Azken txanpa ona egin du behintzat, eta Orio eta Kaiku aurreratu ditu. Ordurako, baina, garaipena ospatzen ari ziren bermeotarrak.