Bermeora eraman dute Kontxako Bandera

2016/09/11
Bermeora eraman dute Kontxako Bandera

Urdaibaik irabazi du Kontxako Bandera, bigarren jardunaldian ere estropada irabazi ondoren. Ia bi segundoko abantaila zuten bizkaitarrek, eta are gehiago zabaldu dute Hondarribiarekiko aldea. Ama Guadalupekoak indartsu hasi du Ohorezko Txanda, eta estropadaren burua hartu du. Bi segundoko aldea ere izan du laugarren minutuan. Urdaibaik erantzuna eman du segidan, eta Hondarribia aurreratu egin du. Segundo erdiko errentarekin egin du ziaboga. Bigarren luzearen lehen erdian, Bermeok ihes egin du pixkanaka. Bost segundoko abantailarekin sartu da Kontxako badian, eta irabazle argia izan da. Lehia ikusgarria izan da, Hondarribiak maila handia eman du, baina banderak Bermeorako bidea hartu du.