Bermeoko bandera astinduta agurtu du liga Hondarribiak
Bigarren postuan amaitu du Hondarribiak 2017ko Eusko Label Liga. Urdaibaik eskuratu du koroa, azkenean, berdeei bost puntuko aldea aterata. Azken aukerei etekina ateratzen ahalegindu dira Mikel Orbañanosen mutilak asteburuan, eta larunbatean, behintzat, haien esku zegoena egin zuten. Bermeoko bandera eskuratu zuten bidasoarrek, arerio nagusiaren etxean. Ia zortzi segundo atera zizkion Ama Guadalupekoak Bou Bizkaiari.
Igandean, berriz, 27ko galera eduki zuten berdeek Portugaleteko uretan, eta Urdaibaik haren nagusitasuna erakutsi zuen berriro, El Corte Inglés bandera lortuta. Bermeotarrak izan dira erregularrenak, eta liga eskuratu dute, bigarren aldiz segidan. Bermeokoarekin, sei bandera bildu ditu aurten Hondarribiak. Gainera, Ioseba Amunarrizek patroi onenaren saria lortu du.