Berdinketarekin amaitu da Artalekuko derbia
BIDASOA: Dejanovic, Cavero (3), Cristian (3), Borragán (3), Basaric (2), Popovic, Lancina (2). Zubiria, Crowley (1), Aldaba, Nonó (4), Serrano (2), Muiña (3).
ANAITASUNA: Hernández, Gastón, Mota, Goñi, Agirrezabalaga (3), Ugarte (1), Dos Santos (9). Nordlander, Bazán (2), Garza, Del Valle, Etxeberria (3), Nadoveza (2), Chocarro (3), Balenciaga.
MARKAGAILUA: 0-1, 6-3, 7-5, 10-7, 10-8, 13-11 (atsedenaldia); 16-15, 18-18, 19-20, 21-20, 23-22, 23-23.
Neurria hartu die Bidasoak berdinketei. Banaka bildu ditu puntuak azken hiru jardunaldietan. Oraingoan Anaitasunaren kontrako derbian izan da, Artaleku kiroldegian. Norgehiagoka parekatua joan da, hasieratik amaierara. Lehen zatiaren erditik aurrera konfiantza hartu du Irungo taldeak, eta lau goleko abantaila ere izan du, 10-6koarekin. Azken minutuetan, aldiz, nafarrek estutu dute, eta etxekoek errenta erosoa har zezaten ekidin dute. 13-11koarekin amaitu da lehen zatia, azken segundoan Basaric piboteak gola sartu ondoren.
Bigarren zatian zailtasun handiagoak topatu ditu Bidasoak erasoan. Gainera, minutuek aurrera egin ahala, min hartutako jokalarien hutsunea nabarituko zuela zirudien. 50.minutua betetzear zela, ordea, Nonók aurretik jarri du berriro Bidasoa, aspaldiko partez (21-20). Horrek Artaleku animatu du berriro, eta taldeak gora egin du. Emozioz beteriko amaiera izan du neurketak. 23.gola Cristian Martinezek sartu du 24.minutuan. Hurrengoan berdindu du Chocarrok, eta azken bost minutuetan, markagailua ez da berriro mugitu. Denetarik gertatu ahal izan da, hala ere.
Defentsa gogor baten ondoren, erabakigarria izan zitekeen baloia berreskuratu du Bidasoak, baina Nonók huts egi du jaurtiketan. Minutu bakarra geratzen zen neurketa amaitzeko, eta hutsartea eskatu du Anaitasunak. Berriro berreskuratu du baloia etxeko taldeak, eta orduan Jacobo Cuétara entrenatzaileak eskatu du hutsartea. Minutu erdi izan du Bidasoak partida irabazteko, baina erasoa agortzea izan du helburu nagusi, nafarrei berdintzeko aukerarik ez ematea lehenetsiz. Borraganek egin du azken saiakera, baina atezainak gelditu dio. Bosgarren puntuarekin, momentuz lasai egoteko moduan da Bidasoa.