Beñat Elzoren omenezko lasterketa bueltan da Hondarribian
Azaroaren lehenean, ohi bezala, ospatuko da aurten ere Beñat Elzoren omenezko mendi lasterketa, Sport Mundik antolatua. Aurtengoa bederatzigarren edizioa izanen da eta ohiko ibilbide eta ordutegiekin ospatuko da. Hiru aukera egonen dira lasterketan parte hartzeko: mendi martxa, mendi lasterketa eta familien lasterketa. Goizeko 9:00etan mendi martxa abiatuko da, 10 kilometroko ibilbide oinez egin nahi dutenendako Talaia bidean barrena. Kasu honetan, dortsalak San Pedro kaleko Kofradia dendan eros daitezte 15 euroen truke. 11:00etan berriz, mendi lasterketa proba hasiko da Hondarribiako Kirol kaiatik. 10 kilometro luze eta 750 metroko desnibela izanen du lasterketak eta izen ematea kirolprobak.com webgunearen bitartez egin beharko da, 20 euroen truke, urriaren 29ra bitarte. Egunean berean ere dortsalak eskuratzeko aukera egonen dela aitzindu dute antolatzaileek. Orduan, lasterkarien poltsak 30 euroko prezioa izanen du. Azkenik, 12:30ean familien lasterketa abiatuko da eta horrekin borobilduko dute goiza. Azken honetan parte hartzeko Kofradiaren dendan eskuratu beharko dira dortsalak, haurrek 5 euroen truke eta helduek 10 euro ordainduta.
Aurten, Adeles elkartearentzako lasterketa solidarioa izanen da eta bertara bideratuko dute bildutako diru guztia. Bizum bidez ere ekarpenak egin ditzake edonork, 10122 zenbakira bidaliz.
Pasa den astelehenean, urriaren 21ean, egin zuten lasterketaren prentsaurrekoa eta bertan izan ziren, Lupe Queiruga Hondarribiako Udaleko kirol zinegotzia baita Oscar Artola ere, Sport Mundi lasterketa antolatzen duen enpresako kidea.