Behobia-Donostiaren 59. edizioa ospatuko da igande honetan

2024/11/08
Ohiko ordutegian abiatuko dira izena eman duten 27.722 partehartzaileak. Aurtengo berrikuntza, ibilbideak 196 metro gehigarri izanen dituela da, baita emakume gazte gehiagok bat egin dutela probarekin ere.
Behobia-Donostiaren 59. edizioa ospatuko da igande honetan

Behobia-Donostiaren 59. edizioa ospatuko da igande honetan, azaroaren 10ean. Aurten 27.722 partehartzaileek hartuko dute irteera Behobian, Fortuna talde antolatzaileak jarritako muga gaindituta ere. Ohiko ordutegian abiatuko dira lasterkariak, 09:55etik aitzinera. Hori baino lehen, 09:30ean  aulkiak eta esku bizikletak irtengo dira, eta 9:35ean patinatzaileak. Ibilbidean zehar, zazpi hornidura puntu egonen dira, eta hamalau animazio puntu. Helmugan ere, hainbat gauza jan eta edateko aukera izanen dute helmugaratzen direnek eta bakoitzari domina bana emanen diote. Lasterketa bukatzerakoan, sari banaketa eginen dute, Bulebarreko kioskoan, 12:00etan. Aitzinetik, gurpil aulkiko eta esku bizikletako partehartzaileak sarituko dituzte 10:40ean, eta patinatzaileak 11:00etan. Aurtengo berrikuntza, ibilbideak 196 metro gehigarri izanen dituela da, beraz partehartzaileek 20 kilometro eta 196 metro osatu beharko dituzte guztira. 

Iñigo Etxeberria Fortuna talde antolatzaileko koordinatzaileak lasterketaren aurkezpenean jakinarazi zuenez, aurten ere lasterketaren poltsa jasotzeko puntu bat bertzerik ez dute egokituko. Kursaalean kokatuko dute puntu hori, gaur 12:00etatik 21:00etara, eta bihar 10:00etatik 20:00tara. Bertan, poltsa jasotzeaz gain, kontsigna aurreratua egonen da. Kursaaleko kontsignaz gain, igandean bertan, bertze bi kontsigna ere egokituko dituzte. Bata, Gipuzkoa Plazan egonen da, 07:30etik aitzinera. Bigarrena, aldiz, irteera puntuan, 08:30ean hasita.

Iñigo Etxeberria koordinatzaileak igandeko lasterketaren xehetasun guztiak eman ditu.