BEHIN-BETIKO SALBAZIOA ESKURA DU REAL UNIONEK
Talde txuribeltzak Atletico Baleares garaitu zuen atzo etxean eta hiru puntu gehiago batu zituen sailkapenean
Real Unionek eskura du behin-betiko salbazioa. Atletico Baleares taldeari 2-0eko markagailuarekin irabazi ondotik, hiru puntu gehiago batu dituzte Iñaki Goikoetxearen mutilek sailkapenera eta 14. postuan daude orain, jeitsiera postuetatik kanpo.
Talde txuribeltzak Atletico Baleares jaso zuen atzo eguerdian Stadium Galen, hil ala biziko partida jokatzeko. Txuribeltzek beharrezkoa zuten garaipena eta, borrokan ibili ondotik, hiru puntuak etxean gelditzea lortu zuten. Nagusi izan ziren neurketa guztian zehar eta aukerak ere eurenak izan ziren. Horietako bi aprobetxatuta, 2-0eko markagailuarekin irabazi zuen etxekoek eta jeitsiera postuetatik aldentzea lortu zuten.
Partidua hasi aitzinetik, Real Unionek omenaldia eskaini zion zendu berri den Iñaki de Mujika kazetariari eta klub txuribeltzeko presidente izan zenari. Horren ondotik, neurketa garrantzitsua hasi zen Stadium Galen. Indarrez atera ziren Iñaki Goikoetxearen mutilak eta, zelaiaren baldintza kaskarrak gandituta, lehen arrisku egoera sortu zuen Real Unionek. Hala ere, ez zuten atean asmatu irundarrek eta hutsera berdinduta iritsi ziren bi taldeak atsedenaldira.
Bigarren zatian berriz, aitzinetik jarri ziren etxekoak. 49. minutuan, Alain Oyarzunek baloia sarera sartu eta euren alde jarri zuen neurketa. Hala ere, lasaitasuna ez zen Stadium Galen igarri azken minutura arte. Aurkariak aukera bakar bat eduki bazuen ere, tentsioa nabaria zen zelaian. Hala ere, 92. minutuan, Nacho Sanchezek bigarren gola sartu zuen eta behin-betiko hiru puntuak etxean gelditu ziren.
Jardunaldia irabazita, Iñaki Goikoetxearen taldea jeitsiera postuetaik aldendu da momentuz. 44 punturekin, 14. oostuan kokatu da orain eta honekin, hurbilago du maila mantentzeko helburu nagusia. Heldu den asteburuan, maiatzaren 20an, denboraldiko 37. jardunaldia jokatuko du Real Unionek Castellon-en kontra, Castalian (19:30).
(Argazkia: Aimar Lasa)