Behetik gora dator Erroibide

2018/03/26
Korapilatsua izan da denboraldiaren lehen erdia Erroibideko gizonezkoen talde nagusiarentzat. Eragozpen handiak gainditu behar izan ditu Eguberrien aurretik. Urtarriletik aurrera, ordea, hobera egin du taldeak. Ligako azken txanpan sartuta, play-off postuetan sartzeko aukera izan dezake oraindik. Helburu hori du begiz jota.
Behetik gora dator Erroibide

Korapilatsua izan da denboraldiaren lehen erdia Erroibideko gizonezkoen talde nagusiarentzat. Eragozpen handiak gainditu behar izan ditu Eguberrien aurretik. Urtarriletik aurrera, ordea, hobera egin du taldeak. Ligako azken txanpan sartuta, play-off postuetan sartzeko aukera izan dezake oraindik. Helburu hori du begiz jota.

Denboraldiaurretik hasita, sasoi zaila izan da 2017/2018koa Estatuko Bigarren Mailako Erroibiderentzat. Joan den urteko taldetik, lau jokalarik besterik ez dute jarraitu. Horiek horrela, bigarren taldeko askok aurrera pausoa eman behar izan dute. Xabi Martinez izan da horietako bat. Gogoan du udara amaierako zenbait entrenamendutan lauzpabost lagun besterik ez zirela elkartu entrenatzera: “Gakoetako bat da denboraldiaurrea, eta aurten ez ditugu gutxienekoak bete”.

Egoera horrek, entrenatzaile berriaren lana zaildu zuen. Sergio Martinek hartu zuen taldearen gidaritza, aurreko denboraldian defentsan izandako ahultasuna konpontzeko asmoz. “Puntu asko jasotzen zituen taldeak, iaz”, aitortu du Martinek: “Beste erronka handi bat zegoen, jokalariek konfiantza berreskura zezaten lortzea”. Konfiantzaz harago, alabaina, elkar ezagutzea izan zen lehenengo lana. “Kantxan nabaritzen zen aldez aurretik elkarrekin jokatu gabeak ginela”, adierazi du Eneko Santa Cruzek.

Horiek horrela, lehen hiru partidak galdu zituen Erroibidek. Egutegi zaila izan zuen, eta gainera, min hartuta ibili ziren hainbat jokalari. Eneko Santa Cruz berak, denbora asko eman du lehiatu gabe: “Gogorra izan da, taldearen egoera ikusita, laguntzeko aukerarik ez edukitzea”. Izan ere, partida batzuetan, sei jokalari besterik ez ditu eduki Sergio Martinek eskura. “Eta hala ere, bat baino gehiago irabazi dugu horrela”, nabarmendu du entrenatzaileak, barrez. Eztabaida ezina da egoera horietan taldea aurrera eramateko ardura hartu dutenen konpromisoa eta ahalegina.

Arnas berria eta hobekuntza kolektiboa

Ligaren bigarren erdirako, taldekide berriak lortu ditu Erroibidek, hutsune nagusiak estali dituztenak. “Pibotearena, bereziki”, onartu du Martinek: “2.02m luze den jokalari madrildar bat dugu orain, Estudiantes-eko harrobian aritutakoa. Lanagatik iritsi da Irunera, eta besoak zabalik hartu dugu”. Taldekideek gero eta hobeto elkar ezagutzen dute, gainera, eta pixkanaka, emaitzak hobetuz doaz. Play-off postuak ez daude urrun, eta sei neurketa geratzen dira, oraindik. “Askartzari presioa sartzea izango da gure helburua. Azken jardunaldietan irabaztea kostatu zaiola ikusi dugu”, azaldu du Xabi Martinezek.

Sergio Martinek uste du lau neurketa gehiago irabazi beharko dituztela, igoera fasean egoteko. Bostetik hiru jokatuko dituzte etxean, eta azkenekoan, Leioako Askartza arerio zuzena hartuko dute. “Play-off-eko lehen partida izan daiteke hori”, adierazi du entrenatzaileak. Jokalariak animatuta daude, aurten pasatako komeria guztien ondoren, sasoiaren amaieran saria edukitzeko aukerarekin.

Klubak goranzko bidea darama, pixkanaka

Talde nagusia egonkortzeko Erroibidek duen zailtasun handienetako bat da juniorretatik senior mailara dagoen jauzia. Gainera, kadete eta junior taldeetan aritzen diren jokalari asko beste kiroletan ibili ondoren iritsi dira saskibaloia. “Hori nabaritu egiten da, senior mailara iristen direnean”, aipatu du Xabi Martinezek. Hala izan da, orain arte, futbolak, eskubaloiak, piraguismoak edo arraunak eskualdean duten nagusitasunagatik.

Aldera ezinak dira Real Unionek, Bidasoak edo Santiagotarrak-ek hirian duten oihartzuna. Erroibidek hamahiru urteko historia besterik ez dauka. Beste elkarte horien aldean, jaioberria da. Hala ere, ari da pixkanaka Irungo saskibaloiarentzat oinarri batzuk finkatzen. “Nik txikitan saskibaloian hasi nahi izan nuenean, Donostiara joan behar izan nuen, Irunen eta Hondarribian ez zegoelako talderik”, gogoratu du Eneko Santa Cruzek. Gaur egun zortzi talde ditu Erroibidek Irunen.