BAZTANEK PORROTA JASO ZUEN DENBORALDIKO LEHEN JARDUNALDIAN
San Adrian jaso zuen pasa den larunbatean Giltxaurdin eta 0-1eko emaitzarekin galdu zuen Baztango taldeak
Nafarroako Ligako Lehen Maila Autonomikoko Baztanek denboraldiari hasiera eman zion pasa den larunbatean, irailaren 7an, Giltxaurdin. San Adrian taldea jaso zuen lehen jardunaldia jokatzeko eta neurketaren bukaeran joko ona erakutsi bazuten ere, 0-1eko markagailuarekin galdu egin zuten baztandarrek. Hala ere, emozioz beteriko arratsaldea izan zen, Parisko Joku Olinpikoetan urrea irabazi duen Jon Pacheco Dozagarat jokalariari omenaldia eskaintzeko baliatu baitzuten hitzordua.
Baztanek denboraldiko lehen jardunaldia jokatu zuen pasa den larunbatean, irailaren 7an, Giltxardin, San Adrian taldearen kontra. Hutsera berdinduta mantendu zuten markagailua partiduaren 80. minutura arte. Orduan, bisitariek aukera aprobetxatu eta gola sartu zuten. Azken hamar minutuetan Baztanek bere nagusitasuna erakutsi zuen eta joko ona zelairatu zuen zaleen aitzinean. Hala ere, ez zuen golik sartzea lortu eta 0-1ekoarekin bukatu zen neurketa.
Sergio Oskoz taldeko prestatzaileak aipatu duenez, taldea “agian gehiegi konfiatu da azken asteetako emaitzetik”. Izan ere, Superkopako txapeldun izan berri da Baztan eta motibazio horrek euren kontra jokatu ahal izan duenaren sentsazioa dute. Porrota jasotzea “penaz” hartu dute baztandarrek, batez ere “zaleen aitzinean” erakustaldia eman nahi zutelako eta ez zelako posible izan. Edonola ere, lehen jardunaldia da eta lanean segituko dutela ere argi dute, ahalik eta abudoen lehen garaipena eskuratzeko.
Hurrengo aukera heldu den igandean, irailaren 15ean, izanen dute baztandarrek (18:00). Oraingo honetan, Agoitzera bidaiatu beharko dute, bertako Aoiz taldearen kontrako lehiatzeko.
Jon Pachecori omenaldia
Denboraldiko lehen jardunaldia Giltxaurdin jokatu behar zela aprobetxatuta, Baztan Futbol Taldeak omenaldia eskaini zion bere harrobian hezi zen Jon Pacheco Dozagarat jokalariari. Gaur egun, Realan aritzen da elizondoar gaztea eta horrez gain, Parisko Joku Olinpikoetan urrea irabazi berri du Espainiako selekzioarekin. Baztango eta San Adriango jokalariek, baita Baztango harrobiko kideek ere, pasilloa egin zioten jokalariari eta Tema Garaikoetxea Baztan Futbol Taldeko presidenteak zapia eta bere izena zeraman Baztango kamiseta oparitu zizkion.
Sergio Oskoz prestatzailea: