Baztanek lortu zuen Baztan-Bidasoaldeko futbol talde nagusien artean garaipen bakarra

2025/01/21
Beti Gazteko bi taldeek porrot bana jaso zuten, baita Berako Gure Txokoak ere. Doneztebek aldiz, hutsera berdinduta bukatu zuen asteburuko partidua.
Baztanek lortu zuen Baztan-Bidasoaldeko futbol talde nagusien artean garaipen bakarra

Gipuzkoako Ligan, emakumeen Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek 1-3 galdu zuen pasa den larunbatean Mastegin, Lagun Onak taldearen kontra. Arerio gogor bat izan zuten lesakarrek aitzinean, baina hala ere, lehen gola Beti Gaztek egin zuen. Azpeitiarrek segidan lortu zuten markagailua berdintzea eta etxekoek berriz ere emaitza iraultzen saiatu ziren. Aukerak izan zituzten horretarako, baina ezin izan zituzten hauek gauzatu. Lagun Onakek berriz, bertze bi gol sartuta, partidua bereganatu zuen. Puntuak galdu baizituzten ere, Ainara Otxoteko bigarren entrenatzaileak aipatu duenez, sentsazio aldetik, pozik gelditu zen Lesakako taldea. 

Gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek ere 0-2ko markagailuarekin galdu zuen, pasa den igandean etxean, Añorga taldearen kontra. Lesakarrek ez zuten nahi bezalako partidua egin eta ezin izan zituzten Añorgaren bi golak ekidin. Javier Escagües entrenatzailek erran bezala, lanean segitu behar du taldeak puntuak batzen hasteko eta sailkapenean gora egiten hasteko ere. 

Erregional mailako Gure Txokoak berriz, 1-2 galdu zuen Landetxaren kontra. Denboraldiko bigarren itzuliko azken jardunaldia izan zen, Matzadan jokatu zutena eta ezin izan zioten sailkapenean bere aurkari zuzena zen taldeari aitzin egin. Berdinduak ibili ziren ia partidu erdia baino gehiagoan, eta azken minutuan lortu zuen Landetxak emaitza iraultzea. Orain, igoera fasea izanen dute talde batzuk jokoan, bertzeak maila mantentzeko lehian izanen dira. Hala ere, astebeteko atsedenaldia izanen dute eta hurrengoan jarriko dira berriz ere martxan, denboraldiko azken txanpari aurre egiteko. 

Nafarroako Ligan, Lehen Maila Autonomikoko Baztanek 3-2 garaitu zuen Iruña. Bisitariak jarri ziren lehenik aurretik, baina Baztanek lortu zuen emaitza berdintzea, baita iraultzea ere. Atsedenaldira, 3-1eko markagailuarekin joan ziren baztandarrak eta Iruñak bigarren gola sartu bazuen ere, ez zen nahikoa izan puntuak banatzeko. Baztanen gelditu ziren hiru puntuak eta Sergio Oscoz prestatzaileak aipatu bezala, pozik gelditu ziren egindako lanarekin. 

Azkenik, Preferente mailako Doneztebek hutsera berdindu zuen, etxean, Aibares taldearen kontra. Ez talde batek ez bertzeak ere ez zuen golik sartu eta azkenerako, puntuak banatu behar izan zituzten. Hala ere, Doneztebek lidergotza mantendu du, nahiz eta Gazte Berriak puntu bakarrera hurbildu den bigarren postuan. Heldu den larunbatean, 19:00etan, Universidad de Navarra taldea bisitatuko dute doneztebarrek, puntuak batzen segitzeko.