BAZTANEK IRABAZI, DONEZTEBEK BERDINDU ETA BETI GAZTEK GALDU EGIN DU ASTEBURUKO JARDUNALDIETAN

2023/09/19
BAZTANEK IRABAZI, DONEZTEBEK BERDINDU ETA BETI GAZTEK GALDU EGIN DU ASTEBURUKO JARDUNALDIETAN
Hala ere, hiru taldeek sentsazio onak dituzte denboraldi hasiera honetanDenboraldiko jardunaldi berri bat jokatu zuten asteburuan, Baztan, Doneztebe eta Lesakako gizonezkoen talde nagusienek. Baztandarrek garaipenarekin bukatu zuten denboraldiko hirugarren jardunaldia, Doneztebek berdindu egin zuen eta azkenik, Beti Gaztek galdu, Gipuzkoako Ligako bigarren partiduan. Baztango entrenatzailea den Iban Romo pozik azaldu da, pasa den larunbatean, etxean lortutako garaipenarekin. 1-0 irabazi zion Lehen maila autonomikoko taldeak Gares aurkariari. Giltxaurdin hiru puntuak irabaztea garrantzitsua da baztandarrentzat eta honek indarra emanen die heldu diren jardunaldietarako. Doneztebek berriz, bina berdindu zuen Atarrabian, Beti Onak B taldearen kontra. Aitzinetik jarri zen atsedenaldirako bidean Joel Gilek entrenatzen duen taldea, baina etxekoak berdintzeko gai izan ziren. Azkenik, puntuak banatuta bueltatu ziren etxera doneztebarrek, eta oraindik partidurik galdu gabe. Bertzalde, Gipuzkoako Ligako gizonezkoen Ohorezko Erregional mailan ari den Lesakako Beti Gazte taldeak galdu egin zuen, pasa den ortziralean, Zumarragan. Urola taldea izan zuten aurkari eta 3-1eko markagailuarekin porrota jaso zuten lesakarrek. Hala ere, Javier Escagües entrenatzaileak aipatu duenez, sentsazio onak ditu taldeak, ongi jokatu zutelako, eta saiatzen segituko dute golak ailegatu bitarte.